Bodegas Castillo de Monjardin txirrindularitza proba irabazi du Imanol Arizmendik

Julene Frantzesena 2023ko mar. 27a, 08:00
Imanol Arizmendi atzo, helmugara iristean. (Utzitakoa)

AC Hotel by Marriot Cycling taldeko txirrindulari azkoitiarrak helmugara bakarrik iristea lortu zuen, ihesaldi borrokatu baten ostean. Villamayor de Monjardin herrian izan zen 101 kilometroko eta 1.400 bat metroko maldadun proba. Ibilbidea "oso gogorra baina polita" zela esan du Azpeitiko bizilagunak.

Bodegas Castillo de Monjardin txirrindularitza proba irabazi zuen zapatuan Imanol Arizmendi AC Hotel by Marriot Cycling taldeko txirrindulariak. Helmugara bakarrik iritsi zen Azpeitiko bizilaguna, bigarren sailkatuari sei segundoko eta hirugarrenari 35 segundoko aldea aterata.

Villamayor de Monjardin herrian izan zen 101 kilometroko eta 1.400 bat metroko maldadun proba, eta 110 txirrindularik parte hartu zuten. Arizmendik azaldu duenez, lasterketaren ibilbidea "oso gogorra baina polita" izan zen. Dena den, eroriko baten ondorioz 15. eta 20. kilometroen arteko distantzia neutralizatuta egin behar izan zuten, anbulantziarik gabe gelditu zirelako lasterketaren antolatzaileak.

Ibilbideko bigarren mendatean hamabi bat txirrindularik ihes egin zuten, eta aurretik ihesaldian ziren parte hartzaileak harrapatu zituzten proba amaitzeko hamabost bat kilometroren faltan. Helmugara iristeko hamar kilometro besterik falta ez zitzaizkionean, erasoa jo zuen Arizmendik, eta beste txirrindulari batekin iritsi zen meta aurrek aldaparaino. Dena den, helmugara bakarrik iristea lortu zuen azkoitiarrak.