Teodora Vasquez: "Gizartea abortu eskubideaz sentsibilizatzea nahi dugu"

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 22a, 09:39
Teodora Vasquez, 'Nuestra libertad' dokumentaleko protagonista.

Ezusteko abortu bat tarteko, hamar urte egin zituen espetxean Teodora Vasquezek El Salvadorren. Haren bizipenak kontatzen dituen Nuestra libertad dokumentala eskainiko dute gaur Soreasun, 18:30ean.

Nuestra libertad dokumentala ikusteko aukera izango da gaur, 18:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Bertan izango da dokumentalaren protagonista Teodora Vasquez. El Salvadorren abortuaren afera nola bizi duten kontatzen du ikus-entzunezko lanak; izan ere, El Salvadorko Gobernuak hilketa larritzat jotzen du abortua, eta Vasquezek espetxean hamar urte pasatu behar izan zituen horregatik. Kartzelatik irten ostean, baina, arrazoi beragatik kartzelan zeuden hamasei emakumeren bozeramaile bihuru zen. Egunotan, Euskal Herriko hainbat txokotan emanaldi bira eskaintzen ari da, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta beste hainbat eragilek sustatuta. Ikus-entzunezkoaz nahiz gaur egungo El Salvadorko egoeraz aritu da Vasquez.

Zer kontatzen du Nuestra libertad dokumentalak?

Dokumentalaren helburua da, gure bizipen eta esperientzietatik abiatuta, jendearen kontzientzietan eragitea. El Salvadorren erabat kriminalizatuta daude abortu mota guztiak, eta horretaz hitz egiten da dokumentalean. Gure historia du ardatz, baina munduko eta El Salvadorko emakumeak sentsibilizatzeko eta haiengan borrokarako grina sustatzeko modu bat da lana.

Ezusteko abortu baten ondorioz sartu zintuzten kartzelan. Hamar urte egin zenituen preso. Nola oroitzen duzu berria jaso zenuen eguna? Nolakoak izan ziren lehen urte haiek?

Nire bizitzako etaparik zailena izan zen hura. Dena galdu nuen garai hartan. Jaioberria zen alaba txikia galdu nuen, sabelean neukan haurra, nire familia, nire bizi proiektuak, nire ametsak… Denak ihes egin zidan, neukan guztia galdu nuen une batetik bestera, ezustean. Une haiek oso gogorrak izan ziren.

Beti aipatzen dut, emakume bat espetxean sartzen dutenean, haren bizitza ez ezik, haren inguru guztia sartzen dutela preso, nolabait; izan ere, senideek pairatzen dute sozialki baztertuak izatearen parterik gordinena. Haiek egin behar izaten diote aurre diskriminazio sozialari. Argi esaten dut: El Salvadorren pobrezia kondenatzen da.

Kartzelan igarotako urteek balio izan al zizuten ahalduntzeko? Hau da, lortu al zenuten esperientzia hartatik ahaldunduta ateratzea?

Kartzelan ez zidaten dolua igarotzeko espaziorik utzi, ezta denborarik ere. Manipulatu egiten gintuzten, gertatu zenaren errudun senti gintezen. Ni, zintzoki, ez nintzen errudun sentitzen; banekien ez nuela deliturik egin.

Tristea eta gordina den arren, kartzelak ez zidan ezertan lagundu. Hori bai, zerbaitetarako balio izan bazidan, espazio hartan zegoen emakumeenganako indarkeria bidegabea ikusteko izan zen: emakumeen eskubideen urraketa, errealitatearekiko enpatia falta... Orduan ohartu nintzen hura ez zela zuzena, ez zela merezi genuena. Garai hartan hasi nintzen antzeko egoeran aurkitzen ziren pertsonei elkartasuna adierazten, eta, aldi berean, beste pertsona baten minarekiko enpatia sentitzen eta errealitate hori aldatzeko zerbait egin behar zela pentsatzen. Orain argi daukat: zerbait egin behar da emakumeok aukera hobeak izan ditzagun. Hori lortzeko, ezinbestekoa da borroka egitea, eta horretan ari gara gaur egun.

Zein da gaur-gaurkoz aborturako eskubidearen edo legearen errealitatea El Salvadorren?

Zoritxarrez, aborturako baldintzek berdin jarraitzen dute. Gobernuak ez du emakumeak kriminalizatzeari uzteko asmorik, ezta abortua legeztatzeko inongo interesik ere. Emakumeak egin ez dituzten delituengatik kriminalizatzen jarraitzen dute, eta hori da gure taldetik borrokatu nahi duguna. Mujeres en Lucha El Salvador da gure kolektiboa, eta ez dugu nahi hurrengo belaundiek guk bizi izan genuen krudelkeria bizitzerik. Horregatik, lortu nahi duguna da gure borroka eta aldarria El Salvadorko belaunaldi gazteengana iristea, baita Latinoamerikako gainerako herrialdeetara ere. Eta, noski, munduko beste leku guztietara heda dadin nahi dugu, gure borrokak mundu mailako babesa lor dezan eta gure jarduna mundu mailako aldarria bihur dadin. Modu horretan, El Salvadorko Gobernuak presioa senti dezala nahi dugu, eta bertan behera utz ditzala emakumeonganako zapaltzaileak diren neurri guztiak. Gizartea abortu eskubideaz sentsibilizatzea dugu xede; gure bizipenek errealitatea aldatzeko balio dezatela nahi dugu.

Euskal Herrian zabiltzate, dokumentala herriz herri eskaintzen. Aurrez beste hainbat herrialdetan eskaini duzue. Zer-nolako harrera izan du?

Nazioartean oso harrera ona izan du. Jendeak elkartasuna erakutsi du borrokarekiko. Oraingoz, 45 jaialditan eskaini dute dokumentala. Emanaldi bira egiten ari gara Europan, aurrez aipatutako helburuarekin. Hau da, uste dugu garrantzitsua dela jendeak El Salvadorko errealitatea ezagutzea eta hara elkartasuna nahiz indarra bidaltzea, hango emakumeak bakarrik senti ez daitezen.

El Salvadorren bestelakoa izan da dokumentalari egindako harrera; izan ere, iaz dokumentala zentsuratzen saiatu ziren. Gainera, proiekzioa bertan behera uztera behartuta sentitu izan gara leku askotan, mehatxuak tarteko. Hala ere, geure kabuz filma eskaintzen aritu gara lurraldeko komunitateetan, han baitaude sektore zaurgarrienak. Han daude, nik bezala, abortuaren kriminalizazioa jasango duten emakume gehienak. Baliabide ekonomiko gutxiko eta landa eremuko emakumeak izan ohi dira kriminalizatuenak. Esan bezala, jakinekoa da dirua duen emakume bat ez dela espetxera joango. Legeak pobreentzat eginda daude. Dokumentalak izan dituen trabak ikusita, gazteei zuzendutako antzerki bat prestatzen ari gara.