Dinamoan egiten diren askotariko lanak ezagutu dituzte ikasleek Gerolan programaren barruan

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 16a, 11:20
Hainbat ikasle eta langile Dinamoan, Gerolan programaren barruko saioan. (Iraurgi Berritzen)

Kulturaz kooperatibako eta UKTko langileen esperientziak ezagutzeko aukera izan dute herriko ikastetxeetako batxilergoko bigarren mailako ikasleek Iraurgi Berritzenek sustatutako Gerolan programaren barruan. Besteak beste, kazetaritzako, ikus-entzunezko komunikazioko, marketineko nahiz kultur arloko bestelako lanen inguruko zalantzak argitzeko aukera izan dute. 

Kultur eta komunikazio arloan dauden lan aukera ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten atzo, asteazkena, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako batxilergoko bigarren mailako ikasleek. Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatutako Gerolan programaren barruan, Dinamoa sormen gunera bisita egin zuten ikasleek, Dinamoan bertan egiten diren askotariko lanak bertatik bertara ezagutzeko. Hori dela eta, Kulturaz kooperatibako nahiz Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) langileekin saio berezia egin zuten, haien lan esperientziez gehiago jakiteko. 

Ikus-entzunezko komunikazioko, kazetaritzako, marketineko nahiz kultur arloko askotariko lanen inguruko zalantzak argitzeko aukera izan zuten Gerolan egitasmoaren barruko saiora bertaratu ziren ikasleek. Haiek, hiru taldetan banatuta, galderak egin zizkieten Kulturazeko eta UKTko langileei. Lan esperientziaz, esparru horietan lan egiteko behar diren gaitasunez edo balioez, unibertsitateko ikasketek duten edo ez duten garrantziaz, formakuntzaz, lanean izandako esperientziez, lan baldintzez, esparru horietan dauden lan aukerez eta ofizioak ematen dienaz galdetu zieten ikasleek langileei, beste gauza askoren artean. Horrez gain, lan eremu desberdinen artean dauden aukerak eta malgutasunak izan zituzten hizpide. Ondoren, Dinamoko gune desberdinak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek: UKTren erredakzioa, soinuaren eremua, irudiaren eremua... Horietan egiten diren lanak eta proiektuak ere ikusi zituzten. 

Ikasleen orientazio akademikoa indartzea da Iraurgi Berritzenen Gerolan programaren helburua. Egitasmoaren barruan, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri emateko orientazio mapa sortu zuen garapen agentziak, eta orain orientazio beharren araberako bisitak antolatu dituzte hainbat lan esparru eta sektore gertutik ezagutzeko. Hori dela eta, herriko ikastetxeetako ikasleak hainbat enpresa eta lanbide ezagutzen ari dira asteotan.