Santutxon babestutako 28 etxebizitza eraikitzeko Plan Berezia onartu du udalak

Nerea Uranga 2023ko mar. 13a, 14:40
Nagore Alkorta eta Leire Goenaga Santutxo auzoan, eraiki nahi duten etxebizitzen proiektuaren irudiarekin. (Argazkia: Nerea Uranga)

Udalak joan zen asteko udalbatzarrean onartu zuen Plan Berezia behin betiko. Nagore Alkorta alkatearen arabera, azpeitiarren etxebizitza beharrari aurre egiteko beste pauso "garrantzitsu bat" da.

Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren 4.1. Santutxo eta 1.2. Done Jakue kalea eremuetako hiru azpieremutarako Plan Berezia behin betiko onartu du Azpeitiko Udalak. Erabaki hori joan den astean hartu zuten udaleko ordezkariek, martxoko ohiko udalbatzarrean. Plan horrek Santutxo auzoan babestuko 28 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du. 4.500 metro koadroko eremuan egingo dituzte 28 etxebizitzak, eta horietatik hamar etxe babes ofizialekoak eta hamazortzi udal sustapenekoak izango dira. "Etxe horiek egin ahal izateko pauso garrantzitsua eman da Plan Berezia onartuta", azaldu dute Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak.

Pauso "garrantzitsua" eman duten arren, proiektua hasierako fasean dagoela azaldu dute, eta datorren agintaldian gauzatuko dutela zehaztu du Alkortak. Orain, Urbanizatzeko Jarduketa Programa (UJP) egin beharko du udalak, eta ondoren lursailen partzelazioa. Gero, berriz, etxebizitzak eraiki ahal izateko lehiaketa publikoa jarri beharko du martxan.

Santutxo auzorako 28 etxebizitzaren proiektua. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Santutxo auzoan etxebizitzak eraikitzeko proiektuak hiru helburu dituela azaldu du alkateak: "Batetik, etxebizitza babestuen eskaintzaren bidez, azpeitiarren etxebizitza premiari erantzungo diogu; bestetik, Santutxo auzorako irisgarritasuna hobetuko du proiektuak; eta hirugarrenik, Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat emango dugu egitasmoarekin".

28 etxebizitza eraikitzearekin batera, Santutxoren eta Alde Zaharraren lotura eta irisgarritasuna hobetzeko esku hartzea egin nahi du erakundeak. "Eskailerak eraberritzeaz gain, igogailu publikoa egitea ere aurreikusten da, horren bidez bi guneak gerturatzeko eta herritarren irisgarritasuna errazteko eta hobetzeko". Alkateak gogorarazi duenez, eremu horren inguruan, Apaiz etxea zen eraikinean, babestutako etxebizitzak eraiki dituzte, eta beste etxe bat erosita eta eraitsia du han udalak.

Etxebizitza politikan urratsak

Santutxoko proiektua azken urteetan babestutako etxebizitza politikaren barruan egin duten "urrats bat gehiago" dela esan dute Udal Gobernuko kideek: "Udalaren ildo estrategikoa bilakatu da etxebizitzarena, eta Etxebizitza Planean zehaztutako bide orria jarraitzen ari da. Azken urteotan, saiatu gara herritarrei tipologia eta babes desberdinetako etxebizitzak eskaintzen". Horren harira, Goenagak zehaztu du Alde Zaharreko hainbat eraikin zahar eraitsi eta berritu dituztela babestutako etxebizitzak egiteko; Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako etxebizitzak eraiki dituzte eta urtea bukatzerako prest izango dituzte alokairuko 48 etxebizitza Esklabetan. "Gazteen emantzipazioa errazteko neurriak hartzen ari gara", esan du zinegotziak.

Etxebizitza eskaintzaz gainera, "etxebizitzen inguruko lanketa integrala" egiteko bidea abian jarri dutela nabarmendu du Alkortak, iaz udalak onartutako Etxebizitza Plana aintzat hartuta: "Planean zehaztuta daude datozen urteetan landu beharreko lau ardatzak: etxebizitza arloan arreta, pertsonalizatua, informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta alokairura bideratzea; babes publikoko etxebizitza berriak sustatzea; eta eraikinen birgaitzea sustatzea".