30 urteko gizon  bat atxilotu dute Azpeitian, bikotekideari sexu erasoa egitea leporatuta

Ihintza Elustondo 2023ko mar. 11a, 14:30

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ostegun gauean gertatu zen erasoa, Donostiako etxebizitza batean. Gaur goizaldean atxilotu dute gizona, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du goizaldean Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, bart gauean, Donostiako ospitale batetik Ertzaintza bertaratzeko eskatu dute, genero indarkeriaria kasu bat izan zitekeelakoan. Biktima emakume bat da, eta hark jakinarazi du erasoa ostegun gauean gertatu zela, Donostiako etxebizitza batean. Erasoaren egilea emakumearen bikotekidea da.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta gaur goizaldean bertan atxilotu dute ustezko erasotzailea, Azpeitian. Oraingoz, polizia ikerketek aurrera jarraitzen dute, sexu erasoaren ustezko delitua argitzeko. Biktimak babesteko eta urruntzeko agindua eskatu du, eta atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.