Kantuak eta kontuak, Soreasun

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 9a, 14:15

Igandean Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak Katuen kontuak ikuskizuna taularatuko dute Soreasu antzokian. Sarrerak eskuragarri daude Kulturaz.eus webgunean.

Igande arratsaldean, Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak Katuen kontuak ikuskizuna taularatuko dute Azpeitiko Soreasu antzokian. Osinagak azaldu ditu emanaldiaren nondik norakoak: "Joseba arduratzen da kontuez eta ni kantuez, eta abesti batzuk aitzakia hartuta, gai batzuez hitz egiteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko beta hartzen dugu. Josebak jartzen du mahai gainean kantuen atzean dagoen testuingurua, eta nik kantuak hainbat tresna erabiliz jotzen ditut. Gustatzen zaigu, baita ere, argiak eta bisualak zaintzea; atzean pantaila handi bat jartzen dugu, eta Itziar Garaluzek bisualak egiten ditu zuzenean... Anarik esaten duen moduan, hau guztia eta hau besterik ez, hau da gure ondasun guztia".

Bidaia luzeko kantuak dira igandean Soreasun zuzenean oholtzaratuko dituztenak, "edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia". Osinagak azaldu du kantuak duela ia hamar urte sortu zituztela, Sarrionandia artean Habanan zegoenean. "Sarrik sortutako dozena bat testuk Atlantikoa zeharkatu zuten, eta Euskal Herrira heldu ziren eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo eta kanelaz".

Orain, urteak pasata eta bi sortzaileak elkarrengandik hurbilago daudela, kantuok berriz hartu dituzte esku artean. "Erabaki genuen kantuok aitzakia hartuta, turismo pixka bat egitea. Beti esaten dut kantu hauek egin genituenean, niri iristen zitzaizkidala testua eta kontestua. Sarrik azaltzen zidan nor zen Ana, zein zen istorio bakoitzaren atzean zegoena, zer hausnarketa egin zituen berak... Eta sentipena neukan nik nekiela entzuleek zekitena baino gehiago, kantuen atzean dagoen istorio hori jakiteak ematen dizulako beste perspektiba bat entzuten duzun momentuan eta kantu horrekin konektatzeko orduan. Beraz, orain hori guztia azalduko dugu. Ez da poesia errezitaldi bat, kantuak eta kontuak dira. Eta nik uste, kantuak horren azkar, scroll-scroll kontsumitzen ditugun garaiotan, ariketa oso interesgarria dela minutu batzuk hartzea idazlearen eskutik jakiteko zerk bultzatu zuen testu horiek sortzera. Eta gainera, gero testu hori kantu bihurtuta entzuteko aukera izanez gero, eragin dezake ikus-entzuleengan kantu horrek beste giharren bat ukitzea".

Igandeko emanaldira joan edo ez zalantzan dabiltzan herritarrei animatzeko deia egin die Osinagak, "kultura beti delako plan ona igande arratsalde baterako". Gainera, emanaldiaz gozatzeko azkenetako aukera izango dela aurreratu du arrasatearrak, askoz gehiagotan egiterik ez dutelako aurreikusten. Igandeko emanaldirako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.