Soreasu jendez lepo, 'Irati' fimaren proiekzioarekin eta Paul Urkijo zinema zuzendariaren solasaldiarekin

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 8a, 10:03
Paul Urkijo, atzo, Soreasun. (Maialen Etxaniz)

Irati filmaren lau emanaldi izan dira azken egunotan Soreasun, eta jendetza bertaratu da emanaldi guztietara. Filmeko zuzendari Paul Urkijo Soreasun izan zen atzo, eta filma proiektatu ostean hari galderak egiteko aukera izan zuten ikusleek. Askotariko galderak egin zizkioten, filmak kontatzen duen istorioaz, amaieraz, lokalizazioez, gidoiaz, pertsonaia mitologikoak irudikatzeko moduaz, efektu bereziez...

Irati filmaren laugarren eta azken emanaldia eskaini zuten atzo, asteartea, Soreasu antzokian. Jendez goraino bete zen Soreasu filmaren azken proiekziorako. Jakin-mina sortu zuen atzoko hitzorduak, Soreasura bertaratu baitzen filmeko zuzendari Paul Urkijo. Filma hasi aurretik hitz batzuk egin zituen hark, eta txaloz egin zioten harrera ikus-entzuleek. Filma hasterako aipatu zuen ez esperotzeko, besteak beste, akziozko film bat, ezta euskal mitologiari buruzkoa ere. Iratik maitasun istorio bat kontatzen duela aurreratu zuen Urkijok, baina ez zuen filmak ematen duen mezuan sakondu.

Filma amaitzean, txalo zaparrada eskaini zuten Soreasun elkartutakoek, eta segidan igo zen oholtzara Paul Urkijo. Eskerrak eman zizkien ikus-entzuleei, eta galderen txanda ireki zuen. Hasieran, lotsati agertu ziren herritarrak, eta denboratxo baten ostean egin zuten lehen galdera. Jarraian iritsiko ziren gainerakoak. Askotariko galderak egin zizkioten Urkijori, filmak kontatzen duen istorioaz, amaieraz, lokalizazioez, grabaketez, gidoiaz, pertsonaia mitologikoak irudikatzeko moduaz, efektu bereziez... Mamitsu erantzun zituen galderak Urkijok, eta zenbait galdera oso interesgarriak izan zirela aipatu zuen. Besteak beste, gidoia egiteko izandako zailtasunak, istorioaren oinarria eta garapena, grabaketetan izandako esperientziak eta bitxikeriak eta filmaz egiten duen hausnarketa partekatu zituen Soreasun elkartutakoekin. Filmak Espainian zein Euskal Herrian harrera bikaina izan duela aipatu zuen zuzendariak, eta gaur egun karteleran dauden beste zenbait film esanguratsuk baino ikusle gehiago pilatu dituela Iratik.

Irati Urkijok "beti kontatu nahi" izan duen "Erdi Aroko abentura film fantastikoa" da. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Huescako (Espainia) hainbat tokitan grabatu dute filma, eta VIII. mendean giroturik dago. Garai hartan, kristautasuna Europan zabaltzen ari zen, eta desagertzen ari ziren sinesmen paganoak. "Euskal mitologiaren osagai magikoak" ditu ikus-entzunezkoak.

Kulturaz kooperatibako kideen azaldu dutenez, Soreasun eskainitako proiekzioak "arrakastatsuak" izan dira. Lau emanalditan, guztira, mila lagunetik gora joan da zinemara Irati ikustera.