Salgai daude Sanjosetako XXXIII. Trikiti Jaialdirako sarrerak

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 6a, 11:06
Iazko Sanjosetako Trikiti Jaialdiko artxiboko irudia. (Ibon Errazu)

Martxoaren 18an, larunbatez, egingo dute Sanjosetako Trikiti Jaialdia Soreasu antzokian, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Datorren larunbatean, hilak 11, Trikitixaren ganbara erakusketa inauguratuko du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Basazabal jauregian.

Trikitizaleentzat hitzordu berezi bezain garrantzitsua izan ohi da Sanjosetako Trikiti Jaialdia, eta aurtengoak dagoeneko badu data. Hain zuzen, martxoaren 18an, 17:30ean hasita, egingo dute Sanjosetako XXXIII. Trikiti Jaialdia Soreasu antzokian, eta sarrerak eskuragarri daude jada. Martxoaren 4an ireki zuten sarrerak erosteko epea, eta dagoeneko txartel ugari saldu dira. Kulturaz kooperatibaren webgunean nahiz Sanagustin kulturgunean eros daitezke sarrerak, 13,5 euro ordainduta.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (EHTE) jakinarazi du martxoaren 18ko ekitaldiko egitaraua. Hain zuzen, Soreasuko oholtzara igoko dira honako musikari hauek: Aritz, Aitziber eta Anaitz, Eneko Arbeo eta Jon Izagirre, Eider eta Lierni Tolosa, Iñorkiñak, Garixe eta Maltzeta nahiz Enaitz Alberdi, Amets Bilbao, Jokin Tolosa eta Ander Gorostiaga. Gainera, Traditions & Tradizioak emanaldia ere eskainiko dute Joshua Edelmanek, Ander Garciak, Xabi Arakamak eta Imanol Intxaustik. Iñaki Larrañaga izango da gonbidatu berezia.

Jaialdia amaitzean,  afaria egingo dute Mendizabal erretegian, eta otorduan parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute aurrez 943 81 20 01  telefonora deituta. Umeen menua 15 eurokoa izango da, eta helduena 30 eurokoa. 

Martxoaren 11n, Trikitixaren ganbara

Sanjosetako jaialdiaren aurretik badu beste hitzordu bat Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Hain zuzen, elkarteak Basazabal jauregian duen bulegoan Trikitixaren ganbara izeneko "erakusketa historikoa" zabalduko du. Elkartearen hitzetan, "etorkizuneko museoaren oinarria" izango da irekiko duten erakusketa, eta Azpeitiko Udalaren laguntzaz ondu dute: "Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 1991an abiatu zen ofizialki eta, hastapenetik bertatik hasita, trikitixari eskainitako museo edo interpretazio gune bat osatzea oinarrizko helburuetako bat izan da, baita partaide guztion ametsa ere. EHTE osatzen dugunok, poz handiz adierazten dugu etorkizuneko museoaren oinarri sendoa martxan jartzekotan garela. Azpeitiko Udalaren ezinbesteko laguntzarekin, Trikitixaren ganbara erakusketa iraunkorraren ateak zabalduko ditugu. 

Erakusketa Azpeitiko Basazabal jauregiko lehen solairuan izango da ikusgai. Sustatzaileek azaldu dutenez, "historian zehar argitaratutako trikitixari buruzko erreferentzia zaharrak oinarri hartuta, trikitixaren historiari errepasoa egingo dio erakusketak". Era berean, Koldo Izagirre idazlearen testuek "hausnarketara" bideratuko dute ikuslea.  Argazki zahar eta berriak ere topatuko dituzte erakusketara bertaratzen direnek. 

Larunbatean 12:00etan irekiko dute erakusketa, eta bertan parte hartuko dute Agurtzane Elustondo EHTEren lehendakariak,  Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Eneritz Albizu Apeitiko kultur zinegotziak eta Joseba Tapia musikariak. EHTEren lehendakari izandakoa da Tapia. Aurkezpena girotzeko, 11:30ean Azpeitiko plazan trikitilarien elkarretaratzea izango da. Faustino Azpiazu Sakabi zenaren etxe parean Azpeitia izeneko fandangoa joko dute denek elkarrekin eta, ondoren, kalejiran, Enparan kalean barrena, Basazabal jauregiraino iritsiko dira.