Amue eremua herri erabilerakoa izateko bidea hasi du udalak

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 1a, 17:00
Aitor Bereziartua, Nagore Alkorta eta Leire Goenaga gaur, udaletxean, eskuetan Amue eremuko Plan Berezia dutela. (Aitziber Arzallus)

Udalak hasierako onarpena eman dio Amue eremuko Plan Bereziari, eta horrekin, behin betiko ateak itxi dizkio eremu horretan beste edozein jarduera martxan jartzeko aukerari. 

Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Amue azpieremuko Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio Azpeitiko Udalak. Atzo egin zuen urrats hori, alkate ebazpen bidez, eta gaur eguerdian horren berri emateko agerraldia egin dute udaletxean Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga zinegotziek. Amue eremuko Plan Bereziari hasierako onarpena eman izana urrats "oso garrantzitsutzat" jo du Alkortak, "behin betiko ixten baitio atea orain Corrugados dagoen eremuan Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen ez duen beste edozein jarduera jartzeko aukerari eta tentazioari". Gainera, Plan Bereziari hasierako onarpena emanda, "esan dezakegu publikoki eman genuen hitza bete dugula". 

Amue eremuan ezer egiten hasi ahal izateko oinarri-oinarrizko urratsa da udalak hasierako onarpena eman berri dion Plan Berezia. Plan horren onarpenarekin, Amue eremua herriak bere erabilerarako berreskuratuko duela adierazi du alkateak eta, gainera, horrek ez duela atzera bueltarik izango. "Azpeitiak aspaldi erabaki zuen herrigunean kokatuta zegoen siderurgia jarduera Trukutxora lekualdatzea eta Amueko eremua herri erabilerarako berreskuratzea. Hori horrela jaso zen 2009ko Zarautz-Azpeitia eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean, eta plan horretan aurreikusitakoa jaso zen 2013an behin betiko izaerarekin onartu zen Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin. Orain, Plan Berezi honekin, bere garaian aurreikusitakoa errealitate bihurtzeko lehenengo urratsa egin dugu, atzeraezina izango dena. Horrela, ebazpen honen bidez, herriguneko eremu hori berreskuratzeko prozesuari hasiera emango diogu".

"Eremu estrategikoa"

Alkatearen arabera, "Azpeitiaren etorkizunerako estrategikoa" da Amue eremuaren garapena, "eta zentzu horretan, gaur hartutako erabakiak etorkizunera begira kokatzen du Azpeitia". Epeez galdetuta, ez da horiek zehaztera ausartu, era askotako lanak egin behar direlako eremu horretan eta ez delako erraza horiek zenbat luza daitezkeen kontuak ateratzea. "Urteak beharko dira eremu horretan dauden eraikinak botatzeko, lurrak deskontaminatzeko eta aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko, baina lanak aurreratu ahala, asko eraldatuko da herria".

Amue eremuak bederatzi hektareako azalera du –ideia bat egiteko, bederatzi futbol zelaik elkarren ondoan jarrita okupatuko luketena–, eta horietatik zazpi hektarea, "industria gune zaharkituak" hartzen ditu gaur egun. "Irudikatzea ere kosta egiten da hori kenduta zer itxura izango lukeen eremu horrek, baina argi dagoena da herriak eraldaketa esanguratsua jasango duela eta ikaragarri irabaziko duela", esan du alkateak. Prozesu guztiak luze joko duela onartu arren, Alkortak baieztatu du udala bere esku dagoen guztia egiten ari dela Amue eremuaren garapena ahalik eta azkarren eta egokien gauzatu dadin.

Plan Bereziari hasierako onarpena emanda, orain jendaurrean egongo da 40 egunez, eta edonork izango du planari ekarpenak egiteko eta alegazioak aurkezteko aukera. Epe hori igarotakoan eta jasotako ekarpenak eta bestelakoak aztertu eta balioetsi ostean, planari behin betiko onarpena eman beharko dio udalak. "Plan Berezia onartuta, lanen exekuzio fasean sartuko gara, eta eremu horretan egin beharreko lanei heldu beharko diegu. Hasteko, eremua desmuntatzeko eta eraisteko proiektu bat beharko dugu eta, adibidez, hori dagoeneko martxan dago, nahiz eta oraindik denbora beharko duen".  

Amue eremuaren garapenarekin batera, Azpeitiak historikoki izan duen uholde arriskuari aurre egiteko zenbait neurri hartzea aurreikusten dutela ere azaldu du alkateak eta, horretarako, aspalditik ari direla Ura agentziarekin lanean. "Ibaieder eta Urola ibaiek bat egiten duen puntua nola egokitu aztertzen ari gara. Etorkizunean, ibaiak eremu zabalagoa hartu du eta Ibaiederrek dagokion eremua berreskuratuko du".

Zenbat denbora barru izango den aurreratu ez duen arren, Alkortak adierazi du Amue eremuan azpeitiarrek naturgune eta berdegune zabal bat berreskuratuko dutela, eta horrez gain, etorkizunean etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea dela asmoa.   

Amue eremuko Plan Berezia herritarren eskura dago, lotura honetan.