Martxan da Domusa Teknik Team

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 16a, 10:10
Domusa Teknik Team taldeko Borja Zubizarreta, Ibai Angulo, Ainara Urrutia, Onditz Iturbe, Aritz Egea eta Goar Lopetegi korrikalariak atzo, taldearen aurkezpenean. (Aitziber Arzallus)

Mendiko lasterketetan punta-puntan ibiltzen diren Euskal Herriko bederatzi korrikalarik osatzen dute taldea, eta tartean dira bailarako bi: Ibai Angulo azpeitiarra eta Borja Zubizarreta azkoitiarra. Euskal Herrian trail munduko erreferentziazko taldea izateko sortu dute Domusa Teknik Team, eta, horretarako, besteak beste, korrikalari gazteei lekua egin nahi diete eta Taupada Urdina sortu, Euskal Herriko mendiak urdinez jantziko dituen mugimendua.

Abian da Domusa Teknik Team, Euskal Herrian mendi lasterketen esparruan erreferente izateko sortu duten taldea. Errezilgo Domusa Teknik kooperatiba da taldearen sortzaile eta sustatzaile nagusia, baina bidea ez du bakarrik egingo, mendiko lasterketetan punta-puntan ibiltzen diren Euskal Herriko bederatzi korrikalari ez ezik, alboan izango baititu Andorrako Otso eta Zumaiako Erronka Kiro Medikuntza enpresak ere. Otsok jantziko eta hornituko ditu kirolariak, eta Erronkak zaindu du haien osasuna. Oinetakoak, berriz, Salomonek emango dizkie.

Aurretik sare sozialen bidez zerbait aurreratu bazuten ere, atzo egin zuten Domusa Teknik Team taldearen aurkezpen ofiziala, Domusa Teknik kooperatibak Azpeitiko Landeta auzoan duen showroomean. Han izan ziren Pedro Segui eta Mikel Argoitia Domusa Teknik Team taldearen kudeatzaileak, Jon Ezama Domusa Teknikeko kontseilu errektoreko kidea, Jordi Soler Otso enpresaren arduraduna, Aritz Esnal Erronka Kirol Medikuntzaren arduraduna eta taldeko sendagileetako bat eta, nola ez, Domusa Teknik Team taldeko kirolariak. Hain zuzen ere, bederatzi korrikalarietatik seik parte hartu zuten aurkezpenean: Ibai Angulo azpeitiarrak, Borja Zubizarreta azkoitiarrak, Aritz Egea urretxuarrak (Gipuzkoa), Onditz Iturbe igorretarrak (Bizkaia), Goar Lopetegi ibartarrak (Gipuzkoa) eta Ainara Urrutia aretxabaltarrak (Gipuzkoa). Horiek taldekide izango dituzte Aitor Ajuria gatzagarra (Gipuzkoa), Irati Azkargorta iturmendiarra (Nafarroa) eta Alvaro Ramos Iruñeko bizilaguna.

Segui izan zen hitza hartzen aurrena, taldearen sorreraren nondik norakoak eta helburuak azaltzeko. Hiru urte egin zuen atzera, 2020an hasi baitzen kooperatiba barruko gazte talde bat Domusa Teknikek enpresa gisa gizarte eta kirol arloan zer egin zezakeen pentsatzen. "Bizikletan ibiltzeko arropa atera genuen aurrera; hurrengo urtean, 2021ean, 40 MLK lasterketaren babesletzan eta antolakuntzan sartu ginen; 2022an, Aritz Egea, Oihana Kortazar, Malen Osa eta Sara Alonso korrilakariei laguntzen; eta 2022ko udaren ostean, beste urrats bat egiteko aukera ikusi genuen; alegia, mendi lasterketetan lehiatzeko talde bat osatzea. Kooperatiba barruan behar genituen babesak lortuta, korrikalariekin harremanetan jartzen hasi ginen, eta gaur arte".

Seguiren arabera, horrelako proiektu bat martxan jartzeko momentu egokia zela ikusi zuten, mendi lasterketena asko hazten ari den kirola delako, eta datu bat ere eman zuen: "2021. urtean %61eko hazkundea izan zuten mendiko lasterketek. Gero eta marka gehiago daude, telebistak… Eta iruditu zitzaigun orain zela momentua urratsa egiteko; orain ala sekula ez". Mendi lasterketen esparruan sartzen den lehen enpresa industriala da Domusa Teknik, "ez Euskal Herri mailan bakarrik, baita estatu mailan ere".

Halaxe, taldea sortu behar zutela erabakita, Egeari deitu zioten, iazko Domusa Teknik 40 MLK lasterketa antolatzen elkarrekin ibili eta gero egindako harremanagatik, eta urretxuarra ardatz hartuta, haren bueltan joan dira taldea osatzen, helburu handizaleekin osatu ere. Seguik azaldu zuenez, Euskal Herrian erreferente izango den trail talde bat izatea nahi dute; baina Euskal Herria ez dute muga, nazioartera ere aterako baitira. "Helburu globalak dituen talde lokala izango da". Horretaz gain, bertako korrikalariei taldearen barruan garatzen joateko aukera eman nahi diete, kirolariei "proiektu sendo, egonkor eta iraunkor bat eskainita". Eta taldeak osagarri sozial bat ere baduela nabarmendu zuen: "Korrikalari gazteei taldearen babesarekin hazten joateko aukera eman nahi diegu, esperientzia handiagoa duten korrikalarien alboan jardunda".

Hirugarren helburutzat, berriz, Taupada Urdina mugimendua sortzea jarri dute. "Nolabait azaltzearren, bere garaian Euskaltelen marea laranja izan zenaren moduko bat sortu nahi dugu, baina Euskal Herriko mendietan; mendi guztiak urdinez jantzi, Euskal Herriko afizioa erakarri, eta jendeak Domusa Teknik Team identifika dezala kolore urdinarekin eta Euskal Herriko trail talde gisa".

Erlazionatuak