Karnabalak 2023

Ostegun Gizenerako Kantu Festa antolatu dute Sanagustinen

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 13a, 10:25
Kantujirako kideak, iaz, Ostegun Gizenez. Horiek ere parte hartuko dute osteguneko Kantu Festan.

21:00etan ekingo diote festari, eta euskal kantak eta inauteri giroko kantak abestuko dituzte eta haien doinuetara dantza egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Herritar guztiei irekitako jaia izango da eta nahi duten guztiei azaltzeko deia egin diete antolatzaileek.

Karnabalak gainean dira, eta herrian giroa sortze aldera, ostegunerako Kantu Festa antolatu dute Sanagustin kulturgunean. Kantujirako, Udal Musika Bandako, Trikigiroko, Juan Antxieta musika eskolako eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartuko dute udalaren eta Kulturazen laguntzarekin antolatu duten festan, eta Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak azaldu duenez, "asmoa da denok leku berean elkartu eta euskal kantak eta inauteri giroko kantak elkarrekin abestea eta baita horien doinuetera dantza egitea ere".

21:00etan hasiko da jaia eta herritarrei irekitako ekitaldia izango dela nabarmendu du Bikendik; horregatik, lasai azaltzeko eta parte hartzeko deia egin die interesa duten herritar guztiei. "Nahi duen oro azaldu dadila, eta inor ez dadila apuratu abestien letrak ez dakizkielako, pantailan jarriko baititugu. Euskal kanten bueltan gozatzeko afalondo bat pasatzea da gure asmoa, eta bakoitza libre da nahi duen moduan azaltzeko: mozorrotuta, mozorrorik gabe…".