II. Euskal Duatloiko sei finalistak, erabakita

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 11a, 21:07
Finalera sailkatu diren sei kirolariak, Azpeitiko zezen plazan. (Ibon Errazu)

Oier Kañamaresek, Ibai Soroak, Arkaitz Jauregik, Suharri Rodriguezek, Xabier Zalduak eta Eneko Saralegik jokatuko dute II. Euskal Duatloiaren finala, martxoaren 5ean, Azpeitiko zezen plazan.

Gaur, larunbata, jokatu dute II. Euskal Duatloiaren kanporaketa Azpeitiko zezen plazan. 21 kirolari zeuden deituta finalerako sei plazengatik borroka egitera, eta lehia benetan estua izan da. Oier Kañamaresek, Ibai Soroak, Arkaitz Jauregik, Suharri Rodriguezek, Xabier Zalduak eta Eneko Saralegik lortu dute, hurrenez hurren, martxoaren 5ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalera sailkatzea.

21 kirolari hauek zeuden II. Euskal Duatloiaren kanporaketan parte hartzeko izena emanda; horien artean, sei izan dira gipuzkoarrak: Axel eta Etxeluze (Astigarraga), Garaiburu (Berastegi), Olasagasti (Donostia), Suharri (Hernani) eta Zaldua (Zumarraga); bederatzi nafarrak: Dani Vicente (Otsagabi), Julen Kañamares eta Oier Kañamares (Arostegi), Mindegia (Zubieta), Olano (Leitza), Pellejero (Areso), Santamaria (Iturgoien), Saralegi (Errazkin) eta Soroa (Arribe); bi arabarrak: Corchero (Araia) eta Jauregi (Ilarduia), eta bat bizkaitarra: Utxu (Dima). Espainiako hiru kirolari ere aritu dira kanporaketan: D. Lopez eta Naredo asturiarra eta Emilio Garcia segoviarra.

Aizkorako eta korrikako probak egin dituzte parte hartzaileek: 45 ontzako etzandako bi egur ebaki behar izan dituzte aurrena, segidan bi kilometro lasterketa, eta bukatzeko, 45 ontzako zutikako bi egur ebaki dituzte. Oier Kañamaresek egin du denbora onena (14:47), eta Eneko Saralegik itxi du finalisten langa (17:02). 22 minutu izan ditu kirolari bakoitzak lanak egiteko, eta hiru kirolarik gainditu dute denbora hori, hain zuzen, Emilio Garciak, Xabier Gartziak eta Daniel Lopezek. Dena den, Garciak bi segundo eskasengatik gainditu du arauzko denbora, eta epaileek ontzat jo dute hark egindako lana.

Hona hemen gaurko kanporaketako postuak eta kirolari bakoitzaren denbora:

  1. Oier Kañamares (14:47)
  2. Ibai Soroa (15:18)
  3. Arkaitz Jauregi (15:48)
  4. Suharri Rodriguez (15:56)
  5. Xabier Zaldua (16:47)
  6. Eneko Saralegi (17:02)
  7. Julen Olano (17:40)
  8. Patxi Mindegia (17:40)
  9. Dani Vicente (18:09)
  10. Eloy Corchero (18:13)
  11. Julen Kañamares (18:31)
  12. Ander Altuna (19:04)
  13. Ibon Garaiburu (19:23)
  14. Iosu Santamaria (19:42)
  15. David Naredo (19:43)
  16. Axier Pellejero (20:48)
  17. Urtzi Olasagasti (20:49)
  18. Axel Larrañaga (21:59)
  19. Emilio Garcia (22:02)
  20. Xabier Gartzia (kanporatua)
  21. Daniel Lopez (kanporatua)
Erlazionatuak