Klink Bidek prest du lehen seihilekorako formazio eskaintza

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 11a, 08:45

Ekintzaile, merkatari eta enpresa txikiei zuzenduriko saioak izango dira, bi arlotakoak: digitalizazioa eta pertsonen kudeaketa. Informazio gehiago behar dutenek edo izena eman nahi dutenek, klink.eus webgunera jo dezakete.

Klink Bidek prest du aurtengo lehen seihilekorako formazio eskaintza. Urkome eta Iraurgi Berritzenek sustatutako Klink egitasmoaren lan lerroetako bat da Klink Bide eta eskualdeko ekintzaile eta enpresa txikiei formazioa eskaintzea du helburu. Eskaintzaren ardatzak bi izango dira: digitalizazioa eta pertsonen kudeaketa.

Digitalizazioaren eremuan, Whatsapp Business, Fakturabai eta Facebook eta Instagram sare sozialak landuko dituzte; eta pertsonen kudeaketaren eremuan, langile baten kontratazioak dituen betebehar eta eskubideen inguruko formakuntza eskainiko diete parte hartzaileei. Saioak eguerdian izango dira, eta lekua aldatzen joango dira hilabete batetik bestera; saio batzuk, Basazabal jauregian izango dira, eta besteak, Intsausti jauregian.

Informazio gehiago behar dutenek edo izena eman nahi dutenek, klink.eus webgunera jo beharko dute edo ondorengo telefono zenbaki hauetakoren batera deitu: 688 71 87 77 (Alazne Larrañaga); 688 60 12 99 (Ione Eizagirre).