Santa Ageda jairik ez dute ospatuko Matxinbentan

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 31a, 09:40
Herri kirol erakustaldia Matxinbentako frontoian, 2020ko Santa Ageda jaietan.

Azken urteetan festa batzordea osatu duten kideek ardura hori utzi egin dute, eta inor ez dago lan horiek hartzeko prest. Horrenbestez, aurtengoz behintzat, festarik ez antolatzea erabaki dute.

Aurten Santa Ageda festarik ez da izango Matxinbentan, inork ez duelako jaiak antolatzeko ardurarik hartu nahi. Pandemia aurreko azken bost edo sei urteetan, bi lagunen artean antolatu izan zituzten auzoko festak, horrek eskatzen duen lan guztiarekin: egitaraua prestatu, jarduerak lotu, Azpeitiko eta Beasaingo udalei baliabideak eskatu... Gabonen aurretik, bi kideek idatzi bat helarazi zuten auzoko etxe guztietara, festa batzordean zituzten ardurak laga nahi zituztela jakinaraziz eta norbait erreleboa hartzeko prest balego eurengana jotzeko eskatuz. Hitzordua ere jarri zuten Matxinbentako tabernan, baina inor ez zen agertu. Horrenbestez, aurtengoz behintzat, festarik ez antolatzea erabaki dute.