Presoek "etxerako bidea zeharkatzeko unea" iritsi dela aldarrikatu du Sarek urteko lehen elkarretaratzean

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 28a, 09:56

Etxera bidea gertu leloarekin eta Etxera dioen irudi berriarekin egin zuen Azpeitiko Sarek urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzea atzo arratsaldean, plazan. Urtarrilaren 7ko manifestazioari herritarrek emandako babesa eskertu eta salbuespen politikak amaitu arte lanean jarraitzeko prestutasuna erakutsi zuten. Era berean, Orioko Gregorio Eskudero presoaren dispertsio egoera salatzeko otsailaren 4an Orion izango den manifestaziorako deia egin zuen Sarek.

Azpeitiko Sarek deituta, urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzea izan zen atzo herriko plazan, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde. Etxera bidea gertu; Gotzon Gurekin lelopean egin zuten urteko lehen elkarretaratzea, presoak etxeratzeko eskatzen duen irudi berriarekin.  

Presoen alde urtarrilaren 7an Bilbon izan zen manifestazioari herritarrek emandako babesa eskertu zuen Sarek atzokoan, eta lanean jarraitzearen ezinbestekotasuna aldarrikatu: "Urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioak eman digun bultzada aprobetxatuz ekin diogu gaur urtarrilaren azken ostiraleko mobilizazioari. Kalean milaka lagunek manifestatzeko deiari emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela. Gaur, izan ere, Euskal Herriko herri eta plaza bakoitzean, euskal gizartea zoriondu nahi dugu zuei esker urtarrilaren 7ko mobilizazioa arrakastatsua izan zelako. Manifestazioak babesa eman dio urte luzez aldarrikatzen ari garenari, alegia, salbuespenen neurrien amaiera; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat".

Ikur berria, "aro berrirako"

Irudi berria eskuan, ikurrak gordetzen duen mezuari ere egin zioten erreferentzia: "Etxera bidea gertu geziek markatzen duten bidea da, ibilibide juridikoa egiten aspaldi hasi ziren euskal presoen eskubideen bidea, legezkotasun arrunta aplikatu arte. Ez dira onurak, ez gara zigorgabetasunaz ari. Presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. Hamazazpi presok gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuk 30 urte baino gehiago. Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu aro honetan ere, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin. Eta aro berri honetan ez dugu maparik behar".  Hori dela eta, "geziek erakusten duten bideari jarraikiz", Etxera bidea gertu mezua "egia bihurtzen hasteko unea" dela aldarrikatu zuten. "Gaur eskuetan dugun ikur berria bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula aro berri honetarako banderola delako, denok batera lanean aritzeko etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik". 

Sarek eta Etxerat plataformak euskal presoen eskubideen aldeko ikur berria aurkeztu berri dute, euskal gizartearen hainbat pertsona ezagunen laguntzarekin. Gainera, spot bat ekoitzi dute banderola berria Euskal Herriko leku guztietara zabaltzeko asmoz. Joan den igandean jarri zuten ikusgai sarean.

Otsailaren 4an, Oriora

Era berean, Orioko Gregorio Eskudero presoaren dispertsio egoera salatzeko otsailaren 4an Orion izango den manifestaziorako deia egin zuen Sarek: "Gregorio Eskudero oriotarrak beste hamabi presorekin bat bizi duen dispertsio egoera salatu eta azken hilabete hauetan euskal presoen gerturatze prozesuak izan duen etenak sortzen duen kezka plazaratzeko datorren larunbatean –Otsailak 4– Orioko plazatik irtengo den manifestaziorako deia luzatu nahi dizuete urolatar guztiei. Bada garaia konponbiderako, bada garaia eskubide urraketa guztiei amaiera emateko eta dispertsio egoera honekin amaitzeko". Otsailaren 4ko manifestazioa 12:30ean abiatuko da Orioko plazatik.