Erabilgarri daude kiroldegiko aldagela berriak eta igogailua

Andoni Elduaien 2023ko urt. 28a, 09:10
Igogailua eta handik harmailetarako pasarela jarri ditu udalak kiroldegian. (Udala)

Kiroldegiko obrek, guztira, 383.318 euroko aurrekontua izan dute. Guztira, lau aldagela eraberritu ditu udalak eta beheko solairutik harmailetara arteko igogailua jarri dute egun eskailerak dauden parean. Igogailutik harmailetara arteko bidea pasarela batekin lotu dute. Dagoeneko erabilgarri daude bai aldagelak baita igogailua ere.

Aldagelak berritu eta igogailu berri bat martxan jarri ditu udalak kiroldegian. Hain zuzen, lau aldagela berritu ditu erakundeak eta kiroldegiaren irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarri dute beheko solairutik harmailetara. Obrek, guztira, 383.318 euroko aurrekontua izan dute. Lanak amaituta, dagoeneko erabilgarri daude bai aldagelak eta bai igogailua.

Eskaileren alboan kokatu dute igogailu berria. Udalaren esanetan, "lekua ahalik eta ondoen aprobetxatuz" jarri dute gailua pare horretan. Gainera, igogailutik harmailetara arteko bidea egiteko metalezko pasarela bat ere jarri dute. Bestalde, lau aldagela eta squash pistetarako sarbidea berritu dituzte kiroldegian. Hain justu, 200 metro koadro inguru eraberritu dituzte. "Obra horien bidez, aldageletako espazioa optimizatu da, aldagelen zoladura, akaberak nahiz iragazgaizteak hobetu dira eta instalazioak egokitu". Era berean, aldagelak simetrikoki banatu ditu udalak, eta zuzeneko ikusmena saihestuko da pasillotik aldagelen barrualdera. Aurrerantzean, aldagela bakoitzak izango ditu bere aldagelak eta takilak. Dutxak esparru barruan kokatu dituzte, eta konketak nahiz komunaren moduluak ere jarri dituzte.

Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak zehaztu ditu obren nondik norakoak: "Eraikin zaharra da kiroldegia, eta pixkanaka hobekuntzak egiten ari gara. Guretzat lehentasunezkoa izan da azpiegituraren irisgarritasuna hobetzea, azpeitiar guztientzako errazagoa izan dadin eraikinean ibiltzea".