Garai eta giro berriei kantuan

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 26a, 09:16
Rafa Rueda, Igor Elortza eta Oier Zuñiga, Soreasu antzokian. (Maialen Etxaniz)

Anonyme Popular aurkeztuko dute igandean Soreasun. Ikus-entzunezko bertso musikatuak oholtzara ekarri dituzte Igor Elortzak, Rafa Ruedak eta Oier Zuñigak.

Igor Elortzaren "bulkada batetik" hasi zen jaiotzen Anonyme Popular proiektua 2021. urtean. Pandemiaren eragina oso nabarmena zen sasoian, garaiari eta giroari jarritako bertsoak idazteari ekin zion Elortzak, "nahiko intuizioz, eta barrutik aterata bezala". Bertso haiek izango ziren ondoren etorriko zenaren oinarria. Rafa Rueda musikariak eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus-entzunezko narratzaileek musikaz eta irudiz jantzi zituzten bertso haiek, Anonyme Popular proiektuari gorputza emanez. Ikus-entzunezkoetan ez ezik, disko liburuan ere jaso zituzten egindako piezak, eta orain oholtzara eramango dituzte. Oier Zuñiga antzerkigilea arduratu da eszenografiaz. Proiektuaren hegaldia hastear dago. Igandean estreinatuko dute Anonyme Popular ikuskizuna Azpeitiko Soreasu antzokian, 19:00etan hasita.

Dinamoa sormen gunean egindako egonaldian ondu dute proiektua, eta bertan igaro dituzte azken asteak. "Barrutik ateratako kontu batzuei buruz idazteko grinatik, eta, ondoren, horiek guztiak jendearekin elkarbanatzeko nahitik abiatu zen proiektua. Behin bertsoak idatzita, beste mota bateko lanera pasatu nintzen, taldekoagoa zen lanera. Orduan jarri nintzen harremanetan Rafarekin [Rueda], bertso horiei jantzi musikal oso bat ipintzeko asmoz. Jarraian, 2022ko udaberrian, hasi nintzen Kulturazeko ikus-entzunezko sortzaileekin lanean", kontatu du Elortzak. Gaur-gaurkoz, sarean daude sortutako ikus-entzunezkoak; ikusgai zein entzungai daude Youtuben. "Orain dator sortutako lana zuzenean eskaintzeko txanda. Egiatan, orain dator hasiera-hasieratik irudikatutako eta esperotako momentua", aitortu du Elortzak.

Argazkia: Kulturaz kooperatiba.

Gai berriei, hitz "zintzoak"

Guztira, bederatzi abestik osatzen dute Anonyme Popular, eta kanta horietako bakoitzak mezu bat jasotzen du. Gai sozialak, politikoak nahiz "intimoagoak" ukitu ditu egileak, eta hitzak "nitasunetik" idatzi dituela kontatu du: "Ez dakit bertsoak gordinak diren, ausartak agian bai. Esango nuke hitzak zintzoak direla. Garaiari eta giroari jarriak direla esaten dut, baina garai eta giro horri ni-tik abestu diet; ez dut nitaz idatzi, baina bai nitik. Gai sozial edo politikoei buruz idatzi dut, hala nola euskal gatazkari buruz edo zorioneko egungo feminismoaren olatuaren garaiko gizonon berkokatzeari buruz. Gai intimoagoei buruz ere idatzi dut. Esaterako, zer garen gure sakonean eta zer antzeztu behar izaten dugun gure eguneroko bizitzako hainbat egoeratan; lagunei buruzko bertsoak ere badaude… Nitasunetik aritzea da horietaz guztietaz aritzeko topatu dudan modua". Elortzaren hitzetan, testu gordinak badaude, baina baita ironikoak ere: "Esango nuke badagoela nolabaiteko oreka bat".

Hitzoi musika jartzea eta garaiari egokitutako abestiak sortzea zaila izan al den galdetuta, argi dio Ruedak: "Zaila ematen zuen, baina polita izan da". Musikariak kontatu duenez, "jolasteko aukera" izan du proiektuan zehar, eta emaitzarekin "gustura" gelditu da: "Testuak ikusitakoan luzeak ziruditen, bertso formatuan egindakoak ziren, bertsoen legeak kontuan hartuta idatzitakoak... Nire erronka zen horiek guztiak dinamikoagoak egitea. Behin lanean hasitakoan nahiko modu naturalean eta errazean egin dut lan, testuek nahikoa indar bazutelako". Era berean, Elortzak aurrez zer nahi zuen jakiteak asko lagundu dio musikariari: "Igorrekin sintonia handia izan dut estetikoki. Hark argi zekin zer nolako giroak landu nahi zituen, eta horrek asko arindu du lana. Saiatu naiz musikaren bitartez testuak beste dimentsio batera eramaten berezko indarra kendu gabe".

Proiektuko musika "anitza" dela dio Ruedak: "Sortutako musika ez dago korronte bakar batean finkatuta; batxata, hip-hopa, rapa… horrelako doinuetan oinarritutako abestiak sortu ditugu, baina badago koherentzia musikaren eta testuaren artean, eta horrek giroko aldaketak oso modu naturalean gertatzea ahalbidetzen du. Gaur egungo sonoridadean oinarritu gara; gazteen artean purian dauden giroetan sartu gara, nolabait".

Edonor edo inor da Anonyme

Zuzeneko emanaldiaren ideia garatzen eta eszena-aholkulari lanetan Oier Zuñiga antzerkigilea aritu da. Harentzat "esperientzia ederra" izan da Anonyme Popular oholtzara eramatea. "Ni proiektura iristerako lan mardula zegoen eginda, baina bazegoen beste erronka bat: nola erakutsi egindako lana publikoaren aurrean. Desberdina da abestiak sarean entzutea zein liburuan irakurtzea edo antzoki batean taularatzea. Sortutakoa publikoaren begietan jartzea izan da nire erronka; nola irudikatu sortutako bidaia, oholtzan. Esperientzia polita izan da".

Hiru sortzaileen iritziz, erronkaren parte da bertso horiek entzuleak ere bere sentitzea, eta horretarako gakoa Kae Tempesten Antzinako berri-berriak irakurtzean topatu zuten: "Testuak dio kalean gabiltzan oinezkoak garela benetako heroiak. Elkar gurutzatu eta elkarri arretarik jarri ez arren, badugula gure istorio epiko-pertsonala, eta funtsean denok ditugula premia berberak: nonbaitekoak izatea, gaizkia eta ongia bereiztea, maitatua izatea eta aurrera segitzea. Hari horri tiraka joan gara disko-liburuan jasota dauden piezen bidaia egiten".

Eta, zer ikusiko dute ikus-entzuleek Soreasuko estreinekoan? "Anonyme Popular osatzen duten bederatzi piezak, okasiorako jarritako bertsoak, irakurraldiak, bertsioren bat edo beste…", aurreratu dute. Beste zenbait artistaren kolaborazioak ere izango dituzte oholtzan.

Emanaldirako sarrerak eskuragarri daude Kulturaz.eus webgunean,eta egunean bertan leihatilan.