Karnabalak 2023

Artzain-inudeen desfilean danborra jotzen atera nahi dutenek izena eman dezakete

Ane Olaizola 2023ko urt. 24a, 14:28

Entsegu bana prestatu du udalak otsailaren 10erako eta 16rako, eta danborradan parte hartu nahi duen orok agertu beharko du saio horietara, erakundeak adierazi duenez.

Gerturatzen ari dira karnabalak, eta herriko eragileak zein udala hasi dira horiek prestatzeko lanean. Aurten, otsailaren 19a izango da Jai Karnabala, eta ohiko moduan, artzain-inudeen desfilea egingo dute orduan. Kalejira horretan danborra jotzen ateratzeko aukera izango dute herritarrek, eta interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena udaleko Kultura Saileko bulegora joanda edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta.

Desfilean joko dituzten piezak entseatzeko bi hitzordu zehaztu ditu udalak: otsailaren 10ean (ostirala) eta 16an (osteguna) elkartuko dira, 19:45ean, Itsasi dantza taldearen egoitzan (Urola Kalea 6, behea). Udalak adierazi duenez, desfileko danborradan parte hartzeko asmoa duen orok entseguetara joan beharko du. 

Kalejiraren ibilbidean bi pieza joko dituzte danbor-jotzaileek, eta beraz, pieza berberak errepikatuko dituzte hura amaitu bitartean.