Asteburu gazi-gozoa Lagun Onakeko talde nagusientzat

Julene Frantzesena 2023ko urt. 22a, 19:14
Lagun Onakeko emakumeen taldeko kideak atzo. (Lagun Onak)

Ohorezko Erregional Mailako emakumeek 6 eta 2 hartu zuten mendean Touring taldea atzo. Espainiako Hirugarren Mailako gizonek, berriz, galdu egin dute gaur; 88. minutuan egin dio ihes partidak etxeko taldeari, Deustok sartutako gola tarteko.

Emaitzei dagokienez, asteburu gazi-gozoa izan da Lagun Onakeko talde nagusientzat. Izan ere, emakumeek garaipena eskuratu zuten atzo, eta gizonek, aldiz, ezin izan dute partida irabazi gaur.

Ohorezko Erregional Mailako emakumeen Touringen kontra neurtu zituzten indarrak atzo, eta erraztasunez nagusitu ziren etxetik kanpo jokatutako partidan. Horren erakusle da emaitza: 2 eta 6.

Lehen gola Touringo jokalari batek sartu zuen bere atean, 20. minutuan. Handik zazpi minutura iritsi zen Lagun Onaken bigarrena: Nahia Etxeberriak sartu zuen. 36. minutuan sartu zuen aurreneko gola Touringek, eta markagailuan aldea handitzea lortu zuen Etxeberriak 41. minutuan: 1 eta 3. Atsedenaldira iristerako, Touringek bigarren gola sartzeko aukera esku-eskura izan zuen, baina Lagun Onakeko atezainak gelditu egin zuen penaltia.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 48. minutuan 1 eta 4koa sartu zuen Jone Bastidak, eta lau minutura Touringek sartu zuen bigarrena. Lagun Onaken azken bi golak 56. eta 68. minutuetan iritsi ziren: Nahia Etxeberriak sartu zuen bata, eta Joane Kortak bestea.

Datorren astean Antiguokoren kontra jokatuko dute emakumeek, etxean, baina oraindik zehazteko dago partidaren eguna eta ordua. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko seigarren postuan da Lagun Onak, 23 punturekin.

Ihes egin dio partidak

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak gaur, igandea, jokatu du ligako hemezazpigarren jardunaldia, Garmendipe futbol zelaian. Deustoren kontra neurtu dituzte indarrak mutilek, eta partida estua izan bada ere, Azpeitiko taldeari 88. minutuan egin die ihes hiru puntuek.

Lagun Onak sailkapeneko zortzigarren postuan da, 21 punturekin. Datorren astean Barakaldoren kontra jokatuko dute norgehiagoka; igandean izango da partida, 18:00etan, Lasesarre zelaian.