Herrian, kalitatea prezio onean

Erakusleiho bat, merkealdietan. (Aitziber Arzallus)

Gabonetako kanpainak eta merkealdi sasoiak "egoera zaila" bizitzen ari den merkataritza txikiari bultzada eman dio. Horrenbestez, herritarrak herrian bertan erostera animatu dituzte dendariek.

Gabonen bueltan, normalean, gehitu egiten da kontsumoa eskualdeko herrietako denda txikietan, eta urtarrilaren hasieratik aurrera abian den merkealdi kanpainak luzatu egingo du joera hori. Ederki ezagutzen dute sektorea Kaioa arropa dendako Ane Agirrebeña oriotarrak eta Tilin-Talan haur dendako Sonia Gomez azpeitiarrak. Hilabete hauek herriko merkataritzan duten eraginaz aritu dira, besteak beste.

Agirrebeñaren iritziz, Gabonetako kanpaina eta ondoren datorren merkealdi garaia "garrantzitsuak" dira merkatari txikiei bultzada emateko, baina azken horiek "indarra galdu" dutela uste du. "Jendeak badu kalera atera eta dendetako erakusleihoak begiratzeko ohitura, eta Gabonetako kanpainak eta beherapenek lagundu egiten dute jendea erakartzen. Hala ere, nik uste dut, gaur egun ez dela lehen bezala, eta jendea ez dela merkealdien zain egoten behar duena erosteko. Orain arte, esaterako, berokiak ez ditugu saldu, beroa egiten zuelako, eta negua sartu denean, hasi gara horiek saltzen".

Iritzi berekoa da Sonia Gomez ere. Aurtengo urtarrila, Erregeen kanpainarekin eta beherapenen sasoiarekin, "iazkoa baino hobea" izaten ari dela azaldu du, baina uste du ez dela lehen bezalakoa. Egoera horren aurrean, herriko dendetan "benetako beherapenak" daudela azaldu du azpeitiarrak, "inongo iruzurrik gabekoak" eta neguko denboraldirako duten "guztia" jartzen dutela dendariek eskaintzan: "Ez dugu egiten merkatalgune handietako dendek egiten dutena". Gainera, gogoratu du herriko merkatariek "marka onak prezio onetan" eskaintzen dituztela, eta beherapenak aprobetxatzera animatu ditu herritarrak. "Herriko dendetatik buelta bat eman eta eskaintza begiratzera gonbidatu nahi ditut. Denbora gelditzen da, eta ziur nago bila dabiltzan hori denda txikietan aurkituko dutela".

Herriak bizirik

Merkataritza txikia "garai gogorra" bizitzen ari dela bat datoz bi dendariak, eta saltoki handiak eta Internet bidezko salmentak egiten dien minari gizartean eragina duten beste hainbat faktore gehitu behar zaizkiola adierazi du Agirrebeñak: "Nazioarte mailako gertakariek edota ekonomiaren joerak, esaterako, bete-betean baldintzatzen gaituzte. Albistegietan ematen den informazioak ere eragiten digu, ziurgabetasunaren aurrean jendea kezkatu egiten delako eta gutxiago erosten duelako. Gainera, azken boladan batetik atera eta bestean sartzen gara: koronabirusaren izurritea amaitu zela zirudienean, Ukrainako gerra eta energiaren krisia etorri zaizkigu. Ez dakigu zer izango den hurrengoa".

Horren aurrean, "kontzientziazio handiagoa" behar dela uste du oriotarrak, herriko denda txikiak ixten badira, "herriaren argia ere galdu" egingo delako. "Gure herri eredua mugimendu handikoa da; kaleko giroa asko gustatzen zaigu. Denda txikiak eta ostalaritza guneak ditugu, eta jendeak kalean ibiltzeko, erakusleihoak begiratzeko eta tabernetan zerbait hartzeko ohitura du". Bertan kontsumitzen ez bada, ordea, establezimendu horiek "pertsiana itxi" beharko dutela azaldu du oriotarrak: "Itzali egingo dira erakusleihoetako argiak, eta horrekin batera herriak". Izan ere, lotarako herri bihurtzeko arriskua gero eta handiagoa dela pentsatzen du oriotarrak. "Ez dugu urrutira joan behar horren adibide argia ikusteko, kilometro gutxira baitugu Hendaia. Herri handia bada ere, oso denda gutxi ditu, eta jende gutxi ibiltzen da kalean".

Izurriteak merkataritza txikian "kalte handia" eragin zuela ere gogoratu du Agirrebeñak. "Denda, taberna eta jatetxe asko itxi ziren COVID-19aren aurka hartutako murrizketen eraginez, horrek ekarri zigun galera jasateko, oso indartsu egon behar zelako". Behin izurritea pasatuta, herritarrak "bizitzeko eta gastatzeko gogoarekin" antzematen ditu, baina azken hilabeteetako gertakariek ez dutela lagundu adierazi du. Beraz, "kontzientzia hartzera eta gertuko dendetan erostera" animatu ditu Agirrebeñak herritarrak, "herriei bizirik eusteko".