Bihar inauguratuko dute gaztetxoen aisialdirako Neguko Topalekua

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 14a, 09:00
Azoka Plazan kokatuko da Neguko Topalekua. (Azpeitiko Udala)

16:30ean irekiko dute Azoka Plazan kokatuko den Neguko Topalekua, eta 17:00ak bitartean egingo dute inaugurazioa. Ekitaldian, Haurren Kontseiluko kideak eta hezitzaileak, udal ordezkariak zein topalekua ezagutu nahi duten haurrak eta gurasoak izango dira. 

Azoka Plaza gatetxoentzako Neguko Topaleku bilakatuko du Azpeitiko Udalak, Haurren Kontseiluaren eskaerei erantzunez, eta bihar –igandea– egingo dute proiektuaren inaugurazio ekitaldia. 16:30ean irekiko dute Neguko Topalekua, eta 17:00ak bitartean egingo dute inaugurazioa. Ekitaldi horretan, Haurren Kontseiluko kideak eta hezitzaileak, udal ordezkariak zein topalekua ezagutu nahi duten haurrak eta gurasoak izango dira. Gainera, gaztetxoek prestatutako mokadua ere dastatu ahal izango da. Hori bukatzean, aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute LH3tik LH6ra bitarteko gaztetxoek Azoka Plazan.  

Apiriaren 2ra bitartean, igandeetan zabalduko dute gunea; zehazki, honako egun hauetan: bihar, urtarrilaren 29an, otsailaren 5ean, 12an eta 26an, martxoaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta apirilaren 2an, 16:30etik 19:00etara. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurrei zuzendutako aisialdirako gunea izango da. Topalekua haurren nahi eta beharretara egokituko dela adierazi du udalak, eta Haurren Kontseiluan hala adostuta, ekintza desberdinetara bideratutako txokoak izango direla topalekuan. Udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile ere egongo dira gunean.

Topalekuan egon nahi dutenek Azoka plazara joan besterik ez dute egin beharko; hau da, ez dago aurrez izenik eman beharrik. Martxan jarri ostean, pixkanaka hartuko du izaera eremuak, eta joaten direnen behar eta nahietara egokitzen joatea da helburua. Gaztetxoen Neguko Topalekua proba gisa jarriko dute abian, eta haurrekin lantzen joango dira bertako dinamika.

Udalak honako bideo hau kaleratu du Neguko Topalekuaren inaugurazioa iragartzeko: