Ana Colinas: "Gehien gustatzen zaidana egiteko aukera eman dit lanak"

Julene Frantzesena 2023ko urt. 30a, 09:15
Ana Colinas. (Julene Frantzesena)

Azaroan eman zituen azken solfeo eta piano eskolak. Erretiroa hartzea idealizatuta bazuen ere, lanari utzita, pena puntua sentitzen duela aitortu du. 38 urteko ibilbidea errepasatu du 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian, berriz jaioz gero erizain izatea gustatuko litzaiokeen irakasleak.

Juan Antxieta musika eskolan ia lau hamarkadaz aritu da irakasle lanetan Ana Colinas (Azkoitia, 1959). Azkoitian jaio bazen ere, aitaren lana tarteko, 3 urterekin Zumarragara (Gipuzkoa) joan zen familiarekin bizitzera, eta nongoa den galdetuz gero, argi erantzuten du: "Zumarragakoa naizela esaten dut, nahiz eta han baino urte gehiago daramatzadan Azpeitian bizitzen". Hain zuzen, 1983an ezkondu eta Azpeitira etorri zen bizitzera, eta ordutik aritu da musika eskolan pianoa eta solfeoa irakasten. Erretiroa hartu berri du.

Noiz hasi zinen Azpeitiko musika eskolan lanean?

17 urterekin hasi nintzen Zumarragan musika saioak ematen. Gurasoen elkarteak hainbat ikastaro-eta antolatzen zituen, eta musika saioak eman nahi al nituen esan zidaten. Astean hirutan ematen nituen eskolak, iluntzeetan. Gero, musika eskola eratu zuten Zumarragan, eta han hasi nintzen lanean; hiru bat urte egin nituen han. Azpeitira bizitzera etorri nintzen lehen urtean hara joan-etorrian ibiltzen nintzen Urola trenean egunero. Egun batean anaiak esan zidan Azpeitiko musika eskolan piano eta solfeo irakasle bat behar zutela irakurri zuela egunkarian, eta galdetu egin nuen. Froga egin nuen, eta gaur arte.

38 urte egin dituzu, beraz, Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan. Erraza egin al zaizu erretiroa hartu eta bizitzako beste etapa bati ekitea?

Ez pentsa. Pena ere sumatzen dut. Askotan, ohera joatean, "bihar ez daukazu lanera joan beharrik" esaten diot nire buruari. Beti pentsatu izan dut hori ikaragarria izango dela, baina orain, garaia iritsi zaidanean, pena pixka bat sentitzen dut. Lanean jarraitu izan banu hurrengo egunean eskola zeini emango niokeen pentsatzen hasten naiz, eta horrek nostalgia sortzen dit. Kontua da dagoeneko nire lankide izan diren kideetako batzuek ere hartu dutela erretiroa, eta beste batzuk hartzeko bidean dira. Horixe da dagoena.

Denboran atzera eginda, nola oroitzen dituzu hastapenak?

Oktogonoan ematen genituen eskolak, eta Karmelo Etxegarai Ikastolakoekin partekatzen genuen eraikina. Oso zaila izaten zen ordutegiak-eta antolatzea; izan ere, ikastolaren ordutegiaren arabera antolatu behar izaten genuen musika eskolakoa. Sasoi hartan berandu bukatzen genituen saioak, etxera berandu joaten ginen, eta ordurako ja alaba ere jaiota zegoen. Hasiera haietan horixe izan zen gogorrena.

Urte hauetan guztietan, aldaketak izan al dira musika eskolaren jardunean?

Bai, aldaketa pila bat izan dira. Ikasle kopuruan izan da aldaketa nabarmena; hasieran, agian, 30 ikasle izaten genituen klase batean, eta astean hirutan izaten ziren eskolak, errefortzu saioak ere eskaintzen genituen... Azken urteetan ez dugu hainbeste ikasle izan, eta birmoldatu egin behar izan dugu jarduna, batez ere, diru kontuak tarteko. Izan ere, erakunde publikoen dirulaguntzak jasotzen ditu musika eskolak, baina aurrekontuaren zati handiena ikasleen kuotetatik lortzen du. Langileon soldatak ez dira izan itzelak, baina hilero jaso dugu diru saria, ez da sekula itxi musika eskola, eta hori ere kontuan izan behar da.

Bide berriak ere jorratu dituzue, ezta?

Bai. Sasoi batean ikastetxeetan saio pedagogikoak eskaintzen genituen, ikasleek musika eskola ezagutzeko. Gauzak aldatu egin dira, ordea; azken urteetan, besteak beste, bide berriak urratu ditugu: Marea Urdinako kideekin, San Martin egoitzako egoiliarrekin nahiz Antxieta etxekoekin egin izan ditugu musika saioak. Izugarrizko esperientzia izan da, eta ikasteko bide bat ere bai. Oso-oso gustura aritu naiz, pertsona maitagarriak ezagutu ditut. Adibidez, ama San Martin egoitzan bizi izan zen bost urtez, eta hura hil eta gero bere lagunekin egin izan nituen saioak; pena eta poza, biak sentitzen nituen.

Piano ikasketak ez ezik, irakasle ikasketak ere egina zara. Sekula aritu al zara hezkuntza arautuan lanean?

Piano ikasketak egiten ari nintzela, amak esan zidan hori bakarrik ez ikasteko, musikatik bizitzea oso zaila zelako. Irakasle ikasketak egitea erabaki nuen, atera nuen eta titulua etxean daukat, baina sekula ez naiz aritu horretan lanean. Izan da musika eskolatik irakaskuntzara jauzi egin duen irakaslerik, eta sasoi batean pentsatu izan nuen neuk ere urratsa egitea, baina... Egia esan, ez dut tentaziorik izan, musika eskolan gustura aritu naizelako.

Lanean gustura aritzea bezalakorik ez dago, ezta?

Hala da. Lankideak lagunak izan ditut, eta hori oso garrantzitsua da. Udako oporren ostean, lanera itzultzeko gogoarekin egoten nintzen, haiekin egoteko. Gainera, lanak gehien gustatzen zaidana egiteko aukera eskaini dit: pianoa jotzea. Arazoak izan ditut, noski, eta gorabeherak ere bai; soldatak tarteko, ordutegiak zirela-eta gurasoekin... Arazo horietako batzuk arrazoituak zirela konturatu naiz urteen poderioz, eta beste batzuk, berriz, ez. Ikasleekin ere oso gustura aritu naiz.

Hainbat haur biolina jotzen eta Colinas pianoan, musika eskolak Zelaitxo antzokian 1990ean egin zuen emanaldi batean. (Utzitakoa)

Zer izan da zuretzat Azpeitiko musika eskola?

Bizitza bat, musika oso garrantzitsua delako niretzat. Baina izatez, eskolak ematea baino gehiago gustatzen zait pianoa jotzea. Piano ikasketetako azken urtea Donostiako kontserbatorioan egin nuen –ordura arte Zumarragan prestatzen nintzen eta azterketak egiten nituen Donostian–, eta ikaskide izan nuen Mari Jose Barandiaran. Hark bikotea osatzea proposatu zidan, kontzertuak-eta eskaintzeko, eta tentazioa izan baldin banuen ere, ez nintzen animatu; izan ere, ordurako ezkonduta nengoen eta lehen alaba jaiota zegoen. Beste piano jotzaile batekin osatu zuen bikotea, eta arrakasta izan zuten; Europan barrena hainbat emanaldi eskaini zituzten.

Arantza hori gelditu al zaizu?

Pixka bat bai. Pandemia garaian, adibidez, pianoa irtenbidea izan zen niretzat. Senarra eta biok etxeratze agindua ezarri baino lehen etxeratu ginen; artean kasu bakan batzuk zirela eman genuen positibo, hileta batean izan ostean. Ordutik, goizero dutxatu eta pianoa jotzen nuen. Abesti bat grabatu eta egunero-egunero bidaltzen nien gertukoei eta etxekoei. Lagun batek bideo guztiak gorde zituen, eta azaroan urteak egin nituenean, denak bidali zizkidan bueltan. Askotariko abestiak jotzen nituen: euskal kantak, filmetako musika bandak, pop doinuak...

Piano irakasle ez ezik, solfeokoa ere izan zara.

Solfeoa beste kontu bat da. Niri erraza egiten zitzaidan solfeoa ikastea, baina sasoi hartan ikustekoa zen zer hiztegi erabiltzen zen solfeoa ikasterakoan... 8 urterekin buruz ikasten nuen dena, zer esaten nuen ulertu gabe, baina gerora, zentzua hartu nion ikasitakoari. Horregatik, izugarria izan da niretzat solfeo eskoletan ikasleek izan duten garapena ikustea. Izan ditut gauzak ulertzeko gaitasunik ez zutela uste zuten ikasleak, baita entzumen edo ikusmen arazoak zituztenak ere, eta haiek aurrera nola egiten zuten ikustea ikaragarria izan da. Ikustekoak ziren pausoak egindakoan haiek izaten zituzten satisfazio aurpegiak. Bestalde, pianoa ikasle oso-oso onak izan ditut, eta hori ere ikaragarria da; asko izan dira, gainera.

Gaur egun musikari den ikaslerik izan al duzu?

Bai. Niretzako musikaria ez da didaktikoki eta pedagogikoki ona den hori, beste dohain bat duena baizik, eta halako ikasleak izatea ere egokitu zait bidean. Ikasle batzuek kanta bat aipatu eta jotzeko gaitasuna zuten. Galdetu izan nien non eskuratu zuten partitura, baina kanta entzunda aski zuten haiek. Nik, adibidez, ez dut izan gaitasun hori. Pianoa jotzen oso ondo moldatzen nintzen, ez baitzitzaidan batere kostatzen zortzi ordu pianoa ikasten eta jotzen aritzea; gainera, horretarako erraztasuna nuen. Beti sumatu izan dut nigan ikasle batzuek zuten dohain hori izatearen falta.

Berriz ere lan mundura itzuliko bazina, musika eskolako irakasle izatea nahiko al zenuke?

Ez dut uste. Erizain laguntzaile ikasketak ere eginda dauzkat; izan ere, ikaragarri gustatu izan zait beti medikuntzaren arloa. Inoiz ez naiz horretan aritu, nahiz eta lanerako deitu zidaten. Gure garaian, derrigorrezko ikasketak bukatzean, ez ziguten zer eskaintza zegoen-eta askorik azaldu, eta musikaren munduan nenbilenez, horretan segitu nuen. Orduan medikuntzaren munduaz zerbait azaldu izan balidate... Medikua ez, baina erizaina izatea nahiko nukeela uste dut.

Pianoa alde batera lagata?

Ez, ez, pianoa jotzen jarraituko nukeen, baina ez ogibidea delako.

Nolako irakaslea izan zarela esango zenuke?

Zorrotza eta gogorra, urteen joanarekin erlaxatu egin naizen arren. Nik ikasle izan nintzen garaian bezala, ikasle guztiek dena ondo egin zezaten eta nota onak atera zitzaten nahi izaten nuen. Garaiak asko aldatu dira, musika ikasketek ez dute lehen zuten pisua, eta zure ikasle guztiak ez direla kontserbatoriora joango ulertzen ez duzun bitartean... Zentzu horretan, denborarekin ikusi dut ikasleek gustatzen zaien hori ikasi behar dutela.