Azpeitian abiatuko da 'Partaidetza aztergai: nahi, ahal, jakin' solasaldi zikloa

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 6a, 09:27
Itziar Alkorta (UIK), Eider Mendoza Gobernantzako diputatua eta Mikel Pagola Herritarren Partaidetzako zuzendaria, zikloaren aurkezpenean. (GFA)

"Partaidetza aukera, baldintza, eskubide eta betebeharretan eragin duten eta eragiten ari diren gakoen inguruko solasaldi ireki eta publikoak" antolatu dituzte elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUren Uda Ikastaroen Fundazioak (UIK). Sanagustin kulturgunean egingo dute lehen saioa, urtarrilaren 26an; beste biak, berriz, Donostian izango dira, otsailean eta martxoan. Doako saioak izango dira eta parte hartu nahi dutenek UIKren webgunean eman dezakete izena.

Partaidetza aztergai: nahi, ahal, jakin izeneko solasaldi zikloa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUren Uda Ikastaroen Fundazioak (UIK). "Partaidetza aukera, baldintza, eskubide eta betebeharretan eragin duten eta eragiten ari diren gakoen inguruko solasaldi ireki eta publikoak" antolatu dituzte zikloaren barruan. Aldundiak azaldu duenez, "helburu nagusia da gaur egungo errealitatean eta Gipuzkoako testuinguru zehatzean partaidetzan eragiten ari diren gakoetan elkarrekin pentsatzen eta hausnartzen jartzea, ahalik eta modu barneratzaileenean. Norabide horretan partaidetzan esku hartzen duten aktore ezberdinen kezkak eta ekarpenak jaso nahi dira, eta hutsuneetan eragiteko gomendio, ideia eta egitasmoak sortu".

Hiru saiok osatuko dute zikloa eta Azpeitian egingo dute estreinakoa, urtarrilaren 26an. Egun horretan, Nahi: Parte hartu ala ez parte hartu, hori da gakoa izeneko solasaldia izango da Sanagustin kulturgunean, euskaraz eta gaztelaniaz, 16:00etatik 19:30era. Hizlari batek sarrera egin ondoren, bi mahai inguru labur izango dira, eta horien tartean talde txikietan banatutako eztabadairako guneak osatuko dituzte.

Zikloa osatuko duten beste bi saioak Donostian egingo dituzte: egun osoko jardunaldia otsailaren 25ean, Miramar jauregian; eta hiru orduko beste bat Okendo kultur etxean, martxoaren 24an.

Zikloaren hiru saioak doakoak izango dira, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman dezakete izena UIKren webgunean. Publiko orokorrari, unibertsitateko zein unibertsitatez kanpoko ikasleei, irakasleei, profesionalei zein partaidetza inguruan ari diren aktore desberdinei zuzendutako saioak izango dira, antolatzaileen esanetan.