Azpeitiko EAri Twitter kontua itxi diote

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 4a, 19:03

EAko zuzendaritzarekiko kritiko diren hainbat kideri Twitter kontu pertsonalak itxi dizkiete, eta halaxe egin diote Azpeitiko EAri ere. Aitor Letamendia Azpeitiko EAren koordinatzaileak "oso larritzat" eta "onartezintzat" jo du gertatutakoa. Ziurtasunik ez duen arren, salaketak alderdiko sektore ofizialetik etorritakoak izan daitezkeela iradoki du, eta EH Bilduren isiltasuna kritikatu du.

Azpeitiko EAri eta EAko zuzendaritzarekiko kritiko diren hainbat kideri Twitter kontuak itxi dizkiete; besteak beste, afiliazioa eten dieten Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentari eta ildo kritikoko buruari, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako EAren koordinatzaile ohiari eta Mikel Goenaga Gipuzkoako EAren koordinatzaile ohiari, eta baita Koldo Amezketa eta Ikerne Badiola alderdikideei ere. 

Mikel Goenaga Gipuzkoako EAko koordinatzaile ohiak "oso larritzat" eta "onartezintzat" jo du gertatutakoa, eta hitz horiexek berak erabili ditu Aitor Letamendia Azpeitiko EAren koordinatzaileak ere, "adierazpen askatasunaren kontrako erasoa" izan dela iritzita. Letamendiak zehaztu du ezin dutela baieztatu nor edo nortzuk egon daitezkeen kontuak itxi izanaren atzean, horretarako ziurtasunik ez dutela, baina bide guztiek norabide bera erakusten dutela. "Kasualitate handia da sektore ofiziala deitzen diotena ozenen kritikatu dutenen kontuak bakarrik ixtea. Horrekin ez dut esan nahi Eba Blanco [EAko idazkari nagusia] bera izan denik kontu horiek salatu dituena, baina, itxura guztien arabera, haren ingurukoren bat bai". Letamendiak gogorarazi du kide horietako zenbaiti lehen ere eten zizkietela Twitter kontuak identitatea usurpatzea egotzita, "eta kontuak berriz martxan jarri ahal izateko, egozten zietena gezurra zela frogatu behar izan zuten". 

Gertatutakoa ez ezik, gertatutakoren aurrean izan den isiltasuna ere gaitzetsi du Letamendiak, eta EH Bilduri zuzendu dio kritika: "Kontua itxi dietenetako asko EH Bilduren aurpegi ezagunak dira, eta nahiz eta alderdi berekoak izan ere, koalizio edo talde bereko kideak dira; hortaz, gertatutakoa salatzea eta babesa adieraztea dagokiela iruditzen zait". Kontuak nor salatu dituen ikertuko balute eta erantzulea nor izan den argituko balitz, dimisioa eman beharko lukeela ere adierazi du Letamendiak.