Ia lau milioi bisita izan ditu Uztarria.eus-ek 2022an

Erredakzioa 2023ko urt. 3a, 09:28

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 3.921.696 bisita izan zituen Uztarria.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamabi albiste argitaratu ditu Uztarriak webgunean, eta atari digitalak 10.744 bisita izan ditu egunero. 2017an hasitako joerari jarraituz, bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2022. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Uztarria.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Uztarriak 2022an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 4.509 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamabi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ia lau milioi bisita izan ditu Uztarria.eus-ek: zehazki, 3.921.696 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Uztarriaren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2021ean baino 161.873 bisita gehiago izan ditu Uztarria.eus-ek urtebeteko epean. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 10.744 bisita izan ditu webguneak. Bestalde, aipatzekoa da irakurleek webgunean zabaldutako orri kopurua ere: 2022an, orotara, 10.023.944 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 27.463 orri. Gainera, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, bi minutu eta 38 segundo igaro zituen Uztarria.eus-era egindako bisita bakoitzean.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2022an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. 2017. urtea inflexio puntua izan zen horretan; izan ere, urte hartan, aurrenekoz, bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2022an are nabarmenagoa izan da datua: erabiltzaileen %67,82k eskuko telefonoa erabaki dute Uztarria.eus irakurtzeko. Ordenagailutik bisitarien %29,19 sartu dira webgunera, eta tabletetatik, berriz, %2,89.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 9.174.112 bisita izan zituzten iaz, 2021ean baino 518.784 bisita gehiago.