Mima denda, Inar optika eta Arantxa haur moda, XI. Erakusleiho Lehiaketako irabazleak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 09:00
Saritu guztiak, udal ordezkariak eta merkatari elkarteko arduradunak, Sanagustin kulturgunea. (Azpeitiko Udala)

Mima etxeko osagarriak dendak irabazi du lehiaketako sari nagusia. Inar optika izan da bigarren saritua, eta hirugarrena, Arantxa haur denda. Bestalde, Diart eta Urbistondo Margoak dendek udalaren eta Bertanen aitortza jaso zuten 25. urteurrenagatik.

Atzo, osteguna, banatu zituzten Azpeitiko Gabonetako XI. Erakusleiho Lehiaketako sariak, Sanagustin kulturgunean. Erakusleiho onenaren 600 euroko saria Mima etxeko osagarriak dendak irabazi du; bigarrena, 400 eurokoa, Inar optikak eskuratu du; eta hirugarrena, 200 eurokoa, Arantxa haur denak.

Erakusleihoak saritzeaz gain, Herritarren Saria ere banatu zuten atzo Sanagustin kulturgunean. Horretarako, Bertan merkatari elkarteak lehiaketan parte hartu duten erakusleihoetako argazkiak partekatu ditu Facebook orrialdean lehiaketak iraun duen artean, eta 'Atsegin dut' gehien jaso dituen argazkiak jaso du 200 euroko saria. Aurten, NKN mutilen moda dendak jaso du Herritarren Saria.

Aitortza, mende laurdenagatik

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak 25, 50 edo 75 urte betezen dituzten dendei aitortza egin ohi die. Atzo, Diart eta Urbistondo Margoak omendu zituzten erakundeak eta merkatari elkarteak. Aurten, 25 urte bete dituzte biek ala biek, eta oroigarria eman zioten "herria bizi mantentzeko merkataritza txikiak egiten duen lan guztiagatik".

Diart eta Urbistondo Margoak dendetako ordezkariak, Agustin Lizarralde zinegotziarekin.