Euskal presoen aldeko aldarria plazara eraman dute, Gabon egunez

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 24a, 19:15
Jende ugari elkartu da plazan. (Ihintza Elustondo)

Euskal presoen aldeko elkarretaratzea egin dute plazan, Azpeitiko Sarek deituta. Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean, jende ugari elkartu da, 19:o0etan. Eguberriotan, oraindik ere etxe askotan "hutsuneak luze" dirauela eta elkarlana sustatzen jarraituko dutela nabarmendu dute, "etxeratze prozesua bururaino eraman arte".

Gabon egunez ohikoa den moduan, euskal presoen aldeko elkarretaratzea egin dute plazan, Azpeitiko Sarek deituta. Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean, hainbat lagun elkartu dira, 19:o0etan.

Deitzaileek nabarmendu dutenez, "egun bereziak" izaten dira Eguberrietakoak, ingurukoez eta familiakoez gertuago sentitzeko garaiak direlako, eta oraindik ere etxe askotan "hutsuneak luze" dirauelako. "Gertuago daude, bai, gertuago ditugu, bai, eta horrek zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, 34 urtez zaintza lanetan aritutako guztiena, kalean aktibo egon diren horiena, eremu instituzionalean zein arlo politiko eta sindikalean horren amaieraren alde elkarlanean aritu diren guztiena. Gertuago eta bigarren graduan daude, eta horri balioa emateko unea da", esan dute.

Dena den, bidea ez dela oraindik amaitu nabarmendu du Azpeitiko Sarek: "Oraindik bide luzea dugu egiteko, asko baitira, legeak dioen baldintza guztiak beteta, baimenak jasotzen ari ez direnak; adibidez, hirugarren graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude… Etxeratze bidean traba horiek nabariak dira. Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan".

Era berean, bederatzi gradu erregresio izan direla aipatu dute, eta hori, "salbuespen neurriak bertan behera geratzeko bidean, izugarrizko atzerapausoa" dela azpimarratu. "Gainera, hamahiru epaiaren zain daude, entzutegi nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta hori soilik mendeku eta gorroto ikuspuntutik uler dezakegu. Baina guk, orain arte egin bezala, elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko desira dugun guztion artean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukagu. Ezin dugu bide hau erdizka utzi, eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu, hori delako egoera hau eraldatzeko aukera bakarra".

Beraz, Sareren arabera, "garai berri honetako erronkak begi bistan" izanik, "uneari duen balioa ematen jakin" behar du gizarteak. "Denon artean elkarlanean aritzeak duen indarraz jabetu behar dugu, eta bide horretan sakontzea besterik ez daukagu, horrela gaindituko ditugulako oraingo trabak ere". Gaur Azpeitian eginda bezala, urtarrilaren 7an ere Bilbon presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egiteko deia egin dute, "salbuespen neurri guztien kontra". Honako hau esanez amaitu dute elkarretaratzea: "Guztion artean lortuko dugu, Eskerrik asko eta Bilbon ikusiko gara berriro!".