Olentzero eta Mari Domingi etzi eguerdian iritsiko dira herrira

Julene Frantzesena 2022ko abe. 22a, 12:27
Olentzero eta Mari Domingi iaz.

11:45 aldean San Martin egoitzara joango dira bi protagonistak, hango egoliarrei bisita egitera, eta ondoren, 12:30ean, egoitzatik hasiko dute biek ala biek kalejira. Plazan egingo dute ekitaldia, 13:00etan.

Ate joka da abenduaren 24a, eta aurten ere bisita berezia izango dute haurrek eta gaztetxoek herrian. Hain zuzen ere, etzi iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Azpeitira, eta ohiko moduan, herritarrek haiek agurtzeko aukera izango dute. 11:45 aldean San Martin egoitzara joango dira bi protagonistak, hango egoliarrei bisita egitera, eta ondoren, 12:30ean, egoitzatik hasiko dute biek ala biek kalejira.

Ez dira, baina, bakarrik ibiliko kalez kale. Izan ere, ttuntturroak, txistulariak eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien laguntzarekin ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi gurdian, eta argitxo gaztetxoak izango dituzte lagun. Artzubiatik Goiko kalera joango dira aurrena, eta plaza igarota, Enparan kalera eta Perez Arregi plazatxora. Erdikalea zeharkatuta, bueltan iritsiko dira plazara.

13:00etan hasiko da plazako ekitaldia, Itsasi dantza taldeko haurrek aurreskua dantzatuko diete bi lagunei, eta ondoren, Karmelo Etxegarai Ikastolako, Ikasberri Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek bertsoak kantatuko dizkiete. Olentzerok nahiz Mari Domingik gaztainak emango dizkiete plazara joaten diren umeei.