Sansebastianak 2023

Aitor Expositok egingo du sansebastianetako umeen danborradako karroza

Julene Frantzesena 2022ko abe. 15a, 13:33
2020ko sansebastianetako karroza.

Udaleko Festa batzordeak hartu du erabakia, eta 1.500 euroko diru saria jasoko du azpeitiarrak. Bi proiektu aurkeztu dituzte herritarrek aurtengo lehiaketara. Azpeitian, 40. Euskal Antzerki Topaketak da karroza egiteko erakundeak jarri duen gaia.

Aitor Expositok egingo du datozen sansebastianetako umeen danborradarako karroza, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeak hala erabaki baitu. Azpeitian, 40. Euskal Antzerki Topaketak da karroza egiteko erakundeak jarri duen gaia, eta San Sebastian egunean ikusi ahal izango da azpeitiarrak gai horren bueltan egindako lana.

Udalak adierazi duenez, bi proiektu aurkeztu dituzte herritarrek aurtengo lehiaketara, eta epaimahaiak Expositoren lana hautatu du. Irabazleak, beraz, 1.500 euroko diru sari jasoko du. Erakundeak, gainera, eskerrak eman dizkie lehiaketara proiektua aurkeztu duten herritarrei, egin duten "ahaleginagatik".

Ez da Expositok haurren danborradako karroza egingo duen aurreneko aldia. Izan ere, 2019an ere hark irabazi zuen lehiaketa, eta hark egina zen, beraz, 2020ko sansebastianetan kalez kale ibili zen karroza. Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta izan zen karrozaren gaia orduko hartan.