Askotariko ekintzak egingo dituzte zapatuan Dinamoan, 'Haragi bizitan' jardunaldiaren barruan

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 14a, 14:33
Maite Aizpurua aktorea. (Utzitakoa)

Mintegia, Zigi-zaga aldizkariaren bigarren zenbakiaren aurkezpena, Ixiar Rozasen emanaldia eta Maite Aizpuruaren Erresistentzia arazo fisikoa da antzerkia barnebilduko ditu Haragi bizitan izenburupean antolatu duten egitarauak. 

Haragi bizitan ekimena antolatu dute datorren larunbaterako Dinamoan, eta egitarauaren barruan hainbat ekintza hartuko du sormen guneak 10:00etatik aurrera. Zer da, ordea, Haragi bizitan? "Gorputzaren eremua daukagu Dinamoan, eta gorputzaren inguruan hausnarrean egitea tokatzen zaigula iruditu zitzaigun. Hainbat elkarlan moduren emaitza da hau, eta Zigi-zaga aldizkariaren 2. zenbakiaren aurkezpena egiteko ere baliatuko dugu", aurreratu dute antolatzaileek. 

Hain zuzen, Zigi-zaga aldizkariaren bigarren alearen aurkezpena izango da, nolabait, egitarauaren ardatzetako bat. Corpus izena jarri diote proiektuaren barruan ondutako bigarren aleari. Sustatzaileen hitzetan, "gure baitako jarduna testuinguruarekin harremanetan jartzeko asmoz egin nahi duen proiektua" da Zigi-Zaga. 11:00etatik 11:30era aurkeztuko dute Corpus izeneko argitalpena. 

Dena den, ekintzak 10:00etan hasiko dira. Aurrena mintegia eskainiko dute Haizea Barcenillak, Ane Lekuonak, Maite Luengok eta Ibon Egaña. Horren ostean emango dituzte bigarren Zigi-Zagaren inguruko xehetasunak, eta jarraian Ixiar Rozasen txanda izango da. Rozasek Konposaketa eta konposta moduko bat ahotsa eta soinuen artean izeneko emankizuna eskainiko du. Antzerkiarekin borobilduko dute egitaraua. Erresistentzia arazo fisikoa da antzerkia eskainiko du Maite Aizpuruak 12:00etan hasita. 

Ekimena irekia da, eta interesa duen edonor bertara daiteke. 

Hona hemen egitaraua, osorik:

  • 10:00 - 11:00: Mintegia. Haizea Barcenilla, Ane Lekuona, Maite Luengo eta Ibon Egaña. EHUko Gorputza, egiletasuna eta generoa euskal kultur sorkuntzan ikerketa proiektuaren aurkezpena.
  • 11:00 - 11:30 Zigi-zaga Corpus-en aurkezpena
  • 11:30- 12:00: Ixiar Rozas. Konposaketa eta konposta moduko bat ahotsa eta soinuen artean.
  • 12:00 - 13:00 Maite Aizpurua. Antzerkia: Erresistentzia arazo fisikoa da.