Gotzon Aranburu presoaren egoera izan dute hizpide Sindikatu Zaharrean

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 14a, 12:16
Josu Urbieta eta Suharri Aranburu hizlari, Ernaik antolatutako solasaldian. (Maialen Etxaniz)

Ernaik antolatuta, Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoeraren zein haren bizipenen inguruko solasaldia izan da gaur goizean Sindikatu Zaharrean. Suharri Aranburu senideak eta Josu Urbieta Pow preso ohiak hartu dute hitza, eta haien azalpenak entzun dituzte solasaldira bertaratutako dozenaka gaztek.

20 urte bete dira Gotzon Aranburu preso azpeitiarra atxilotu zutenetik, eta haren askatasuna eskatzeko Gotzon gurekin! lelopean manifestazioa deitu du Azpeitiko Sarek larunbaterako. Mobilizazioaren aurretik, baina, Aranbururen egoera herriratzeko asmoz, solasaldia antolatu du Azpeitiko Ernaik gaur goizerako, eta dozenaka gazte bertaratu da hitzaldira.

Sindikatu Zaharrean eskaini dute solasaldia 18:30ean hasita, eta Suharri Aranburu –Gotzon Aranbururen senidea– eta Josu Urbieta Pow preso ohia aritu dira hizlari, eta, besteak beste, preso azpeitiarraren egoera eta haren bizipenak izan dituzte hizpide.

Jendez bete da aretoa solasaldirako. (Ernai)

Larunbatean, manifestazioa

Sarek, bere aldetik, larunbatean mobilizatzeko deia egin die herritarrei. Preso azpeitiarraren askatasuna eskatzeko mobilizatuko dira larunbatean, hilak 17, 18:00etan hasita. Plazatik hasiko da manifestazioa,  Gotzon gurekin lelopean. 

Gainera, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deia ere egin du Sarek. Izan ere, haren esanetan, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxera itzultzeko prozesua egin ahal izateko lanean jarraitu behar da. "Guztion erantzukizuna da, eta hori gabe, ezinezkoa izango da herri honek egiteke duen etorkizunerantz bizikidetzan aurrera egitea".

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 35 urte eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta. Urte hasieran Zaballara lekualdatu aurretik, Dueñasko (Palentzia, Espainia) eta Villenako (Alacant) kartzeletan egona da.