Gizon bat epaituko dute Azpeitiko igerilekuan hiru adin txikikori ukituak egiteagatik

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 13a, 15:04
Estali gabeko igerilekua.

EFE berri agentziak jakinarazi duenez, gizon bat epaituko dute gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Azpeitiko Udal Igerilekuan hiru adin txikikori izaera sexualeko ukituak egiteagatik. Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatu ditu gizonarentzat.

EFE berri agentziak jakinarazi duenez, gizon bat epaituko dute gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Azpeitiko Udal Igerilekuan hiru adin txikikori izaera sexualeko ukituak egiteagatik. Ukituak 7 eta 12 urte arteko bi neskari eta mutil bati egin izana leporatzen diote akusatuari, haurrak igerilekuan jolasten ari zirela.

Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatu ditu gizonarentzat, baita hiru urtez biktimengana hurbiltzea eta haiekin komunikatzea eragoztea ere.

Fiskaltzak idatzitako behin-behineko akusazioaren arabera, 2019ko abuztuaren 3an, 19:00 aldera, egin zituen gizonak ukituak, igerilekuan jolasean ari ziren adin txikikoekin hitz egiten hasi zenean. Dokumentuak jasotzen duenez, "dirudienez", auzipetua haurrak "entretenitzen" hasi zen, eta "jolasaren bueltan sortutako abagunea bere benetako helburua ezkutatzeko baliatu eta haiei ukituak egiteko aprobetxatu" zuen.

Hala, berri agentziaren arabera, akusatuak 8 urteko neskato bati ipurdia ukitu zion bainujantziaren gainetik, sexu organoak ukitu zizkion 12 urteko neskato bati, eta zakila 7 urteko mutiko bati, bainujantziaren gainetik.