Piztu dituzte Gabonetako argiak

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 6a, 10:46
Gabonetako argiak piztuta, Sanjuandegi auzoan. (Julene Frantzesena)

Asteburuan hasi ziren dir-dir egiten herriko kaleetan zehar jarri dituzten argiak. Urtarrilaren 8ra arte, egunero egingo dute argi, iluntzen duenetik gauerdira bitartean; guztira, 40 egunez.

Piztu dituzte Gabonetako argiak Azpeitian. Asteburuan hasi ziren dir-dir egiten herriko kaleetan zehar jarri dituzten argiak, eta datozen asteetan, jaiak amaitu arte, piztuta egongo dira. Herriko hainbat txoko eta plazatan nahiz Urrestillan jarri dituzte kaleak apaintzeko argiak, udalaren eta Bertan merkatari elkartearen ekimenez. Abenduaren 3an piztu zituzten lehen argiak, eta urtarrilaren 8ra arte, egunero egingo dute argi, iluntzen duenetik (automatikoki pizten dira) gauerdira bitartean; guztira, 40 egunez.

Bertanek jakinarazi duenez, egunero, gehienez, sei orduz piztuta izango direla aurreikusita, 12,36 kWh kontsumoa izango dute argiek orotara (batez beste, 0,36 etxek urtebetean duen kontsumo energetikoa). Eguneko hamabost euroko gutxi gorabeherako kostua izango dute horiek argindar kontsumoan; orotara, 600 euro ingurukoa.

Kaleetan ipintzen diren argiak alokatu egiten dira, eta aurtengo aurrekontua 16.692 eurokoa da. Horietatik 12.705 euro Bertanek ordaintzen ditu, Eusko Jaurlaritzatik horretarako jasotako laguntza baten bidez. Falta diren 3.987 euroak Azpeitiko Udalak jarriko ditu herriko merkataritzaari bultzada emateko helburuarekin.