Agustin Agirre azpeitiarra izango da Donostialdeko ESIko jarduneko zuzendari kudeatzailea

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 5a, 10:33
Agustin Agirre. (Goiena)

EITB Mediak jakinarazi duenez, Agustin Agirre izango da Donostialdeko ESIko jarduneko kudeatzailea, "behin-behinean". Horrenbestez, Osakidetzak kargugabetutako Itziar Perezen lekua hartuko du Agirrek. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzaren "politika suizida" salatu duten egun berean jakin da Donostialdeko ESIko jarduneko zuzendari kudeatzaile berriaren izena.

Osakidetzak Agustin Agirre azpeitiarra izendatu du Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI)  jarduneko zuzendari kudeatzaile, "behin-behinean". Horrela jakinarazi dute gaur goizean EITB Media taldeko hainbat hedabidek. Orain arte Bidasoako zuzendari gerentea izan da Agirre; hilabeteak zeramatzan Bidasoko ESIan. Haren aurretik, Jose Manuel Ladron de Guevara zegoen arduradun, baina hark maiatzean dimititu zuen, ebakuntza geletako obren proiektuak sortutako eztabaida tarteko.

Osakidetzak joan den ostiralean kendu zituen kargutik Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga. Adolfo Begiristain Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak eta Maite Martinez mediku zuzendariordeak, beren aldetik, dimisioa eman dute. Gaur goizean bertan jakin da Loreto Marquet Erizaintzako zuzendariordeak ere dimisioa eman duela. Testuinguru horretan jakin da Agirre izango dela Donostialdeko ESIko jarduneko zuzendari kudeatzaile berria.  

Berriak jakinarazi duenez, Bidasoako ESIra lekualdatu aurretik, Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikua izan zen Agirre. Erietxe horretan aritu ziren lanean 2018ko udaberriko lan eskaintza publikoan egondako iruzurrak salatu zuten hiru anestesiologoak. Lan eskaintza publikoko iruzurraren ondorioz dimisioa eman zuen Debagoieneko ESIko Maria Jesus Mujikak, eta hura ordezkatu zuen Agirrek.

Zuzendaritza kargugabetzeko eskaera

Gatazka betean dago Osakidetza. Gaur bertan Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutuna plazaratu dute Osakidetzaren "politika suizida" salatzeko. Sinatzaileen artean badira eskualdekoak ere, tartean Felix Zubia Zainketa Intentsiboetako zerbitzuburu zarauztarra eta Cristina Calvo Pediatria zerbitzuko burua.

Osakidetzako "zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargugabetzeko" eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko galdegin dute. Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetu izana "azken tanta" izan dela adierazi dute; "sekulako aldrebeskeria". "Eredu inposatzailean" oinarritutako lan-funtzionamendua ezarri nahi izatea leporatu diote Osakidetzari, eta, besteak beste, Tolosaldeko, Bidasoaldeko edota Onkologikoko egoera "bereziki larria" aipatu dituzte. "Segurtasun eza eta ezinegona sortzeaz gain, azkenaldian emandako urratsek egitura osoaren haserrea ere eragin dute", adierazi dute. 

Osakidetzaren zuzendaritzari "sektarismoa eta trakeskeria" leporatu diote. Salatu dutenez, zerbitzu publikoaren barneko ataletako zuzendaritzetako kideen "ahalmena murrizten" ari dira Osakidetzako buruak: "Zuzendaritza zentrala indartzen ari da, eta horietako kideak irizpide politikoen arabera aukeratzen dituzte, ez trebetasun eta merituen arabera".