Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen egoera aztertzeko ikerketa egingo du udalak

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 27a, 11:00
Leire Goenaga, Patxi Altzibar, Garazi Etxaniz eta Maite Garmendia, azken urteotako ikerketen txostenak eskuetan dituztela. (Ihintza Elustondo)

65 eta 80 urte artean dituzten, bakarrik bizi diren eta Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile ez diren adinekoei elkarrizketak egingo dizkie udalak, haien egoera ezagutzeko. Izurriak sektore horrengan izan dituen eraginak aztertzea da helburua, eragin horiek murrizteko neurriak hartzeko nahiz beharrezko baliabideak eskaintzeko. Guztira, 350 bat herritarrekin jarriko da harremanetan udala. Garazi Etxaniz gizarte langileak egingo du azterlana, eta datorren astean hasiko da zeregin horrekin.

Biztanleriaren zahartzeak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko asmoz, hainbat ikerketa egin ditu Azpeitiko Udalak azken urteotan, Baigera jubilatuen elkartearekin batera. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorako azpeitiarren bizi kalitatea, baldintzak, bizi ohiturak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko azterketak egin ditu, adin tarteka banatuta. Orain, ildo beretik, beste proiektu bat jarri du martxan erakundeak: 65 eta 80 urte artean dituzten, bakarrik bizi diren eta Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile ez diren adinekoen artean egingo du ikerketa. COVID-19aren izurriak sektore horrengan izan dituen eraginak aztertzea da helburua, eragin horiek murrizteko neurriak hartzeko nahiz beharrezko baliabideak eskaintzeko. Guztira, 350 bat herritarrekin jarriko da harremanetan udala, eta horretarako, Gizarte Zerbitzuetako langile bat etxez etxe joango da adinekoei elkarrizketak egitera. Ostiralean azaldu zituzten ikerketaren gaineko xehetasunak udaletxean egindako agerraldian, eta han izan ziren Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Patxi Altzibar nahiz Maite Garmendia Baigerako kideak eta Garazi Etxaniz ikerketa egingo duen gizarte langilea.

Goenagak azpimarratu duenez, udalarentzat "lehentasunezkoa" da herritarren babes soziala bermatzea, eta bide horretan, adinekoei "arreta berezia" jartzen ari dira. Udalak egindako ikerketetan bildutako datuen arabera, 2035era bitartean, %7 haziko da Azpeitiko biztanleria, eta adinekoen kopurua, berriz, %20. Beraz, 2031. urtean azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu; 3.900 adineko baino gehiago izango dira urte horretan, aurreikuspenen arabera. Mendekotasunari dagokionez, 2035. urtean ia 500 pertsona izango dira 80 urtetik gorako mendekoak; %38ko haziko da mendeko pertsonen kopurua. Datu horiek adierazten dute mendekotasuna duten pertsonek gero eta urte gehiago izan ohi dituztela; hau da, mendekotasun egoerak atzeratzen ari direla. Horrek prebentzioan lan egin beharra ekarri duela esan du zinegotziak: "Prebentzioan inbertitzen dugun guztiak eragin zuzena du adinekoen bizi kalitatean, eta mendekotasun egoerak atzeratzen ditu".

Pandemiak adinekoengan izan duen eraginean ere jarri du arreta Goenagak: "Herritar guztioi eragin digu pandemiak, eta adinekoei zer esanik ez". Ikerketarekin, batez ere, adinekoen artean aurrez eginak dituzten azterlan horien "eguneraketa moduko bat" egin nahi dutela adierazi du, eta "zaurgarrienak izan daitekeen kolektiboarekin" hasiko direla; hau da, bakarrik bizi diren adinekoenarekin. "Uste dugu bakarrik bizi diren adineko herritarrak izan daitezkeela zaurgarrienak eta babes gutxien dutenak, eta oraingoan horien egoeraren berri jaso nahi dugu", azaldu du.

Elkarlana, positiboa

Altzibarrek elkarlanaren balorio positiboa egin du: "Behar batetik abiatuta hasi ginen udala eta Baigera elkarlanean, eta urteak daramatzagu zeregin horretan. Pertsona zaurgarrien egoerak aztertzeko eta hobetzeko helburuarekin ekin genion lanari". Hasieran ikerketak martxan jartzea ez zela "erraza" izan nabarmendu du, erakundeetatik etxeraino galdeketa egitera joatea "ohikoa ez" delako oraindik; "esango nuke oso leku gutxitan egiten dela hori", erantsi du. Aurrerapausoak eman direla esan eta ikerketek beren emaitzak izan dituztela azpimarratu du: "Gaur da azpeitiar adineko askok laguntzak jasotzen dituzten eguna".

Herriko adinekoen beharrei erantzungo dieten programak diseinatzeko eta horiek martxan jartzeko, udalarentzat "garrantzitsua" da galdetegia ahalik eta adineko gehienek erantzutea, eta herritarrak animatu dituzte ariketa hori gauzatzera.