Ainara Torvisco: "Beti izan dut profesionaletan borrokatzeko erronka"

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 25a, 12:52
Ainara Torvisco.

Profesionaletan debuta egingo du bihar Ainara Torviscok, Zarautzen jokatuko duten K-1 Euskal Herria Kickboxing jaialdian. Kirol horretan ibilbide luzea du, eta Kuraia Azpeitia klubeko gidaria da. Biharko borrokaldia "gogorra" izango dela aurreikusten duen arren, ilusioz dago.

K-1 Euskal Herria Kickboxing jaialdia egingo dute bihar arratsaldean Zarautzen. Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dituzte jaialdiaren barruko hamalau borrokaldiak, 17:00etan hasita. Borrokaldi horietatik hiru profesional mailakoak izango dira, eta emakumezkoen mailan debuta egingo du Ainara Torviscok (Azpeitia, 1992). Kickboxingean ibilbide luzea du Torviscok, eta Kuraia Azpeitia klubeko gidaria da. Aste honetan bertan aurkaria aldatu diote, eta biharkoa "borrokaldi gogorra" izango dela aurreikusten du. Hala ere, "dena emateko gogoz" dago.

Debuta egingo duzu bihar Zarautzen. Zer dela eta egin duzu profesionaletan aritzeko hautua?

Beti izan dut, bizitzan behin behintzat, profesionaletan borrokatzeko erronka. Azken boladan, aldaketa ugari izan dira nire bizitzan, eta iritsi da une bat zeinetan pentsatu dudan: "Orain edo inoiz ez". Aldaketak aldaketa, gaur egun denbora gehiago daukat niretzako, eta zentzu horretan, oso ondo etorri zait kirolari denbora eskaintzea eta horretan zentratzea.

Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Azken bi hilabeteak oso gogorrak izan dira; izan ere, profesionaletan lehiatzea ez da amateur mailan aritzearen parekoa. Profesionaletan beste maila bat dago, eta asko aldatzen dira gauzak. Denbora gehiago igarotzen duzu ringaren gainean, zango babesik gabe nahiz buruko babesik gabe aritzen zara, eskularruak txikiagoak dira, eta bendajea gogorra da, eskaiolaren antzekoa. Horrek presio handia eragiten du prestaketan.

Prestaketa berezia egin duzu, beraz.

Berezia baino, prestaketa gogorragoa egin behar izan dut. Dietan egon naiz denbora luzez, egunero entrenatzen, lanetik etxera eta etxetik lanera… Dena den, berezitasuna da beste gimnasio batzuetara joan naizela, han aritzen direnekin sparringa egitera. Horrek asko laguntzen du, borrokan aritzea bezalakoa baita sparringa praktikatzea. Horrenbestez, esperientzia hartzeko bultzada ematen du. Oso ondo etorri zaidala uste dut.

Nor izango duzu aurkari Zarautzen?

Hasiera batean, ni bezala debuta egin behar zuen emakumezko baten aurka aritu behar nuen; Dea Celma madrildarraren aurka, hain zuzen. Azken egunetako aldaketak tarteko, ordea, beste aurkari bat jarri didate. Ez dakit oso ondo zein den aldaketaren zergatia, baina dakidana da orain izango dudan aurkariak ikargarrizko maila daukala; izan ere, bi eguneko denbora tartearekin abisatuta borrokaldi profesional batean parte hartu ahal izateko, borrokalariak maila handiko kirolaria izan behar du. Horrenbestez, joan den astean Europako txapelketan brontzezko domina irabazi zuen emakumezko bat izango dut parez pare.

Zer sentipen dituzu borrokaldiaren atarian?

Uste dut borrokaldi gogorra izango dela, maila handiko aurkaria izango baitut aurrean. Dena den, gogotsu nago, eta ondo sentitzen naiz. Uste dut egin nezakeen guztia egin dudala. Indartsu sentitzen naiz, asko disfrutatu dut prozesuan zehar, jende asko ezagutu dut, eta nire buruari jarritako erronka bete dudala uste dut. Beraz, oso pozik nago.

Aurrera begira, zer asmo dituzu?

Azken hilabeteak gogorrak izan diren arren, asko gozatu eta ikasi dut pozesuarekin, eta orain gustatzen zaidan horrekin gozatzen jarraitu nahi dut. Dena den, orain oraingoa, eta aurrera begira, ikusiko dut zer egin. Biharkoa ondo ateratzen baldin bada eta merezi izan duela sentitzen badut, berriro igoko naiz ringera.

Emaitzak emaitz, eskolak ematen jarraituko duzu, ezta?

Bai, noski. Oso gustura nago daukadan taldearekin. Azpeitiko jende asko dago klubean, baita Azkoitikoak eta Zumaiakoak ere. Gustora aritzen gara, eta giro ederra daukagu gure artean. Familia txiki bat da niretzat.