Azaroaren 25a

Azaroaren 25aren inguruko tailerra egingo du IAk bihar Sindikatu Zaharrean

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 21a, 08:37
A25aren bueltan Ikasberrin egin zuten asanblada irekiko irudia. (Ikasle Abertzaleak)

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira antolatu dute hausnarketa eta formakuntza tailerra Ikasle Abertzaleek. Sindikatu Zaharrean izango da saioa, 18:30ean hasita. 

Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideak joan zen astean hasi ziren Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira antolatutako ekintzekin. Hain zuzen, asanblada irekiak egin zituzten ikastetxez ikastetxe, eta aste honetan jarraituko dute antolatutako saioekin. 

Bihar, asteartea, Emakume-auziaz hausnartzen izeneko tailerra egingo dute Sindikatu Zaharrean, 18:30ean hasita. "Formakuntza eta hausnarketa" saioa izango da biharkoa, eta gaian interesa duen orori egin diote bertaratzeko deia. 

Azaroaren 25an, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, mobilizatzera deitu dituzte ikasleak. Egun horretan hitzaldiak eta kontzentrazioak egingo dituzte herriko ikastetxeen atarian, Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileok antolakuntza lelopean. Oraindik ez dituzte jakinarazi elkarretaratzeen ordu zehatzak.