Puntu bat gizonentzat, batere ez emakumeentzat

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 20a, 18:15
Lagun Onakek Realaren aurka zelairatutako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Lagun Onaken gizonen taldeak 1 eta 1 berdindu du asteburuan, Portugaleteren aurka. Emakumeen taldeak, berriz, 0 eta 3 galdu du Realaren aurka.

Ez da izan nahi bezalako asteburua Lagun Onaken talde nagusientzat. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak atzo, larunbata, jokatu zuen ligako neurketa, Portugaleteren aurka, etxean. Gizonek ezin izan zuten garaipenik eskuratu; 1 eta 1 amaitu zen neurketa. Iker Olaizolak sartu zuen etxekoen gola, lehen zatian. Bigarrena sartzeko aukera ere izan zuen Lagun Onakek, epaileak haien aldeko penaltia adierazi baitzuen, baina Xabi Geretak ez zuen lortu baloia sarera bidaltzea. Bigarren zatian, Portugaleteren gola iritsi zen, eta horrenbestez, berdinketarekin konformatu behar izan zuen Azpeitiko taldeak. Une honetan, hamar punturekin, sailkapenaren hamabigarren postuan da Lagun Onak.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, bestalde, gaur, igandea, jokatu du ligako partida. Neskek Garmendipen neurtu dituzte indarrak, Realaren hirugarren taldearen aurka. Gauza jakina zen neurketa zaila izango zutela, eta ezin izan dute garaipenik eskuratu. Izan ere, 0 eta 3 gailendu da Reala. Gaur-gaurkoz, hamazazpi punturekin, sailkapenaren seigarren postuan da Lagun Onak.