Euskararen erabilera

Etxeko euskararen erabilera ia bost puntu jaitsi da Azpeitian hamar urtetan

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 19a, 11:00
Azpeitia, Takolotik.

Udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du Uemak, Eustatet emandako datuetan oinarrituta. Ezagutza eta herritarren lehen hizkuntza ere aztertu ditu txostenean. Herrian, ezagutza ia bere horretan mantendu da epe berean, baina 3,6 puntu egin du behera lehen hizkuntza euskara duten herritarren tasak.

Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren 2021eko datuak plazaratu zituen Eustatek urriaren amaieran, eta datu horietan oinarrituta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema). Udalerri euskaldunak dira Uemarentzak euskaldunen kopurua %70etik gorakoa dutenak, eta hor kokatzen da Azpeitia. Aipatutako azterketan jasotako 2021eko datuaren arabera, %80tik gora jarraitzen du Azpeitian euskaldunen kopuruak (%83), eta, beraz, Uemak laugarren gune soziolinguistikoa deritzonean ere kokatu behar da Azpeitia, herri euskaldunenen artean, alegia.

Euskararen arnasgune diren udalerri euskaldunetan, ordea, jaisten ari da euskararen erabilera; hala diote Eustaten datuek, eta hala ondorioztatu du Uemaren azterketak. Biztanleen hizkuntzaren ezagutzaren, lehen hizkuntzaren eta etxeko hizkuntza erabileraren datuak jaso ditu Eustatek, eta horien bilakaera aztertuta osatu du txostena Uemak. Ondorioak ez dira baikorrak euskararentzat: atzeraka doa euskararen erabilera udalerri euskaldunetan, eta "galera nabarmena" da, mankomunitatearentzat. Euskararen ezagutzaren azken 40 urteetako datuak daude jasota azterketan, eta herritarrek etxean jaso duten lehen hizkuntza zein den eta etxean zer hizkuntza erabiltzen duten dioten datuak, berriz, azken 30 urteetakoak dira. "Udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako %70eko langa gainditzen. Oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran. Zehazki, etxeko erabileraren beherakada gero eta nabarmenagoa da, eta galera hori ez da eten oraindik".

Azpeitia ez da salbuespena. Euskal Herriko batez bestekoarekin alderatuta Azpeitian euskararen ezagutza eta erabilera oso handiak diren arren, beheranzko joera antzematen da datuetan. Herrian euskaldunen kopurua duela 40 urteko ia bera zen iaz (%82,9 1981ean, %83 2021ean), baina azken 20 urteetako kopuru txikiena da iaz zenbatutakoa; izan ere, 2001ean %87,8 ziren euskaldunak Azpeitian.

Hala ere, nabarmenagoa eta deigarriagoa da euskara lehen hizkuntza dutenen zein etxean euskara erabiltzen dutenen tasaren beherakada. 2001ean, 83,2koa zen lehen hizkuntza euskara zuten azpeitiarren tasa, eta 2021ean tasa hori 73,8an zegoen. 2001etik 2011ra (77,4) 5,8 puntu jaitsi zen tasa hori, eta beste 3,6 puntu egin du behera azken hamar urteetan.

Etxean euskaraz egiten dutenen tasaren jaitsiera are handiagoa izan da 2011-2021 epean; ia bost puntu egin du behera hamar urtetan, 72,1etik 67,2ra. 1991tik etengabe jaisten doa etxeko erabileraren tasa herrian: hamalau puntu altuagoa (81,2) zen euskararen etxeko erabilera duela 20 urte.