Urteko Kirolaria saria jasotzeko hautagaien proposamenak aurkez daitezke

Ane Olaizola 2022ko aza. 9a, 09:30
Iazko Kirol Sarietako taldeko argazkia.

Herritarrek zein kirol taldeek hilaren 16ra artean izango dute Urteko Kirolaria saria eskuratzeko hautagaiak aurkezteko epea, eta ondoren botoa emateko tartea zabalduko dute udalak eta Kirol Mahaiak. Abenduaren 17an egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak Kirol Sariak antolatu dituzte beste urte batez, eta zabaldu dute herritarrek zein klubek hautagaiak proposatzeko epea. Hilaren 16ra bitartean izango dute horretarako aukera, eta ohi bezala, hiru kategoria izango dira: gizonena, emakumeena eta boluntario lanetan aritu diren norbanakoen edo lagun taldeen aipamen berezia.

Hautagaiak aurkeztu nahi dituztenek hainbat modutan egin dezakete: herritarrek kirolak@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-15 00 95 telefonora deitu beharko dute; kirol taldeek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidera bidali beharko dute mezua, eranskina atxikita. Udalak azpimarratu du garrantzitsua dela proposamenak egiterakoan kirol emaitzak ez ezik "bestelako merituak" ere kontuan hartzea.

Behin proposamenak aurkezteko epea itxita, herritarrek zein kirol taldeek botoa emateko aukera izango dute azaroaren 21etik 27ra bitartean. Udalak hautagaien zerrenda osatuko du, eta horien artean aukeratuko dute herritarrek eta klubek. Herritarrentzat postontziak jarriko dituzte igerilekuan eta kiroldegian, eta kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 943-15 00 95 telefonora deituta ere eman ahal izango dute horiek botoa; klubek, berriz, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita izango dute horretarako aukera.

Epaimahaia, bestalde, azaroaren 28ko astean elkartuko da, eta jasotako proposamenetan oinarrituta aukeratuko du 2022ko Urteko Kirolaria, gizonen, emakumeen eta boluntarioen kategorietan. Sari banaketa ekitaldia, berriz, abenduaren 17an egingo dute, larunbatez. 12:00etan hasiko da saioa, eta udalak bertara joateko eskatu die hautagaiei; bestela, senitartekoren bat agertzea komeni dela adierazi du. Hautagaientzat luntxa egongo da amaieran.