Dinamoko soinuaren eremua ezagutzeko aukera izango dute herritarrek egunotan

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 7a, 17:27
Soinuaren eremuko irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuko lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta herritarrek egunotan izango dute espazioa ezagutzeko aukera. Herriko soinu sortzaileek gaur 19:00etan bisitatuko dute gunea, eta etzi, ordu berean, herritar orok izango du ezagutzeko aukera.

Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua prest dago dagoeneko, eta herritarrek egunotan izango dute gunea ezagutzeko aukera. Dinamoko lehen solairuan kokatuko da soinuaren eremua. Gune berriak 300,47 metro koadro izango ditu, eta 521.847,08 euroko inbertsioa egin du udalak espazio hori egokitzeko. Bi soinu gela, teknika gelak, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta hiru gela balio anitz ditu, besteak beste, beharrezko ekipamenduarekin. 2019tik Dinamoko beste eremuak martxan dira; 2019ko uztailera bitartean egindako obren bidez, hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak egokitu zituen udalak, eta gaur egun martxan dira horiek. Orduan, bigarren fase baterako utzi zituzten soinuaren eremuko lanak, eta iazko udazkenetik hura egokitzen aritu dira.

Udalak adierazi duenez, espazio hori abiatzearekin batera, kultur mugimenduak eta udalak adostutako kultur sorkuntzarako eremu guztiak martxan izango dira. Era berean, herritarrek egunotan izango dute gunea ezagutzeko aukera. Hain zuzen ere, gaur, astelehena, herriko soinu sortzaileek eta musikariek azpiegitura berria ezagutu eta haren funtzionamenduaren nondik-norakoen berri jasoko dute, 19:00etan. Bisita horretarako, herriko sortzaileei eta taldeei gonbidapena egin zaie Kulturaz kooperatibaren bidez. Era berean, etzi, asteazkena, ordu berean, herritar orok izango du espazioa ezagutzeko aukera.

Bisita horien helburua da herritarrek gunea ezagutu eta beren egitea. Udalak azaldu duenez, eremu berria herritarrentzako azpiegitura eta espazioa denez, haren erabilera sustatzea nahi dute. Soinuaren eremua Dinamoa sormen gunea osatzera datorrela adierazi du Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak: "Herri mugimenduaren eskaerei erantzuteko eta Kultur Mahaiak horrela proposatuta sortu genuen Dinamoa sormen gunea. Abian jarri genuenetik askotariko kultur diziplinetako sortzaileentzako erreferente da espazioa. Soinuaren eremua, orain artean, espazio propiorik gabe genuen, eta orain arte egindako lan guztia osatzera dator". Prozesuan bidelagun izan den Kulturaz kooperatiba ere eskertu nahi izan du Albizuk: "Beraiei esker, moldatzen eta hobetzen ari da esperientzia. Bide horretan, ilusio handia egiten digu soinuaren eremuarekin lanean hasteak".