Eider Mendoza izango da Gipuzkoako ahaldun nagusirako EAJren hautagaia

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 25a, 19:37
Eider Mendoza, artxiboko irudi batean.

Azpeitiarra da jaiotzez Mendoza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea da gaur egun, eta Batzar Nagusietako presidente zein legebiltzarkide izana da aurretik. Amaia Etxeberria, berriz, foru hauteskundeetarako jeltzaleen zerrendetan egongo da.

Eider Mendoza izango da EAJren Gipuzkoako ahaldungaia datorren udaberriko udal eta foru hauteskundeetan. Alderdi jeltzaleak gaur jakinarazi du Mendozaren hautagaitza proposatuko diela Gipuzko Buru Batzarrak lurraldeko alderdikideei.

1974. urtean Azpeitian jaiotakoa, 4 urte zituenetik Hondarribian bizi da Mendoza. 27 urte zituela Eusko Legebiltzarrean sartu zen EAJren ordezkari gisa; 2001etik 2011ra izan zuen legebiltzarkide kargua. 2011n iritsi zen Gipuzkoako Batzar Nagusietara; lehen agintaldian oposizioko kide izan ondoren, 2015ean erakunde horretako presidente izendatu zuten, jeltzaleek urte hartako foru hauteskundeak irabazita. 2019tik gaurdaino, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeraimaile eta Gobernantza diputatu kargua bete du.

Amaia Etxeberria, Batzar Nagusietarako hautagaitzan

Ahaldun nagusi izateko hautagaiaren berri ematearekin bat, Batzar Nagusietarako presidente izareko hautagaia –Xabier Ezeizabarrena– eta foru hauteskundeetarako hautesbarruti bakoitzean proposatu dituen hautagaiak ere jakinarazi ditu gaur EAJk.

Azpeitiar bakarra ageri da zerrenda horretan: Amaia Etxeberria, 2019an EAJren Azpeitiko alkategaia eta jeltzaleen udal taldearen bozeramailea. Dena-Urola hautesbarrutiko 11 hautagaietako bat izango da Etxeberria 2023ko udaberriko foru hauteskundeetan; EAJk hautagaien izenak publiko egin ditu, baina hautagaitzan zer postu izango duten zehaztu gabe.