Euskaraldian aurrez aurrez izena emateko nahiz txapa jasotzeko aukera izan da plazan

Nerea Uranga 2022ko urr. 22a, 08:30
Atzo arratsaldean, Euskaraldian izena emateko eta txapak jasotzeko postua. (Argazkia: Nerea Uranga)

Euskararen erabilera sustatzeko ariketa kolektiboa azaroaren 18tik abenduaren 2ra artean izango da. Egitasmoan izena online eman daiteke, baina aurrez aurre izena emateko aukera eskaintzeko, Azpeitiko Euskaraldiko batzordeak horretarako mahaia jarri zuen atzo plazan. Urriaren 25ean eta azaroaren 11n ere ipiniko dute.

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia da lelo hartuta. Dagoeneko zabalik dago egitasmoan izena emateko epea. Entitateek urriaren 30era bitartean eman dezakete izena, eta norbanakoen izen ematea, bestalde, azaroaren 17an itxiko da; entitateek nahiz norbanakoek euskaraldia.eus webgunean eman dezakete izena. Azpeitiko Euskaraldiko batzordeak aurez aurre izena emateko aukera ere jarriko du zenbait egunetan; esaterako, atzo arratsaldean mahaia ipini zuten udaletxeko arkupeetan, eta bertan egitasmoan ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko, txapa jasotzeko edota materiala erosteko aukera izan zen.

Datozen asteetan, beste bi egunetan ere jarriko dute Euskaraldian izena emateko nahiz txapak jasotzeko postua, plazan. Hain zuzen ere, urriaren 25ean, 10:30etik 12:00etara, eta azaroaren 11n, 18:30etik 20:00etara, izango da horretarako aukera.

Azpeitian, Hikaldia ere bai

Azpeitian, gainera, lehen aldiz, Hikaldia egingo dute aurten. Euskaraldian izena ematen dutenek izango dute ondoren Hikaldian izena emateko aukera, Hikaldia.eus webgunean sartuta. Hikaldia egiten duten herrietan bakoitzak bere erara moldatu ohi du egitasmoa, eta Azpeitian ere hala izango da; Azpeitian garatuko den Hikaldiaren egitasmoan parte hartu nahi dutenek, azpeitia@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena. Egitasmoaren bidez, hitanoaren erabilera areagotzea bai, baina batik bat nokarena bultzatzea nahi dute antolatzaileek.