Iñaki Segurolaren heriotza

Mikel Asurmendik Iñaki Segurolaren 'Sed Quia Sua' liburua oinarri idatzi du bere blogean

Nerea Uranga 2022ko urr. 22a, 17:00
Iñaki Segurola zena, 'Sed Quia Sua' liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Erein)

Asurmendik Begizolia blogean Ona bere gaitzekin artikulua idatzi du, Iñaki Segurola zenaren Sed Quia Sua liburua oinarri hartuta. Hona hemen artikulua:

SED QUIA SUA

Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa

Iñaki SEGUROLA

Erein, 2020

Aurreneko partea

1/ SED QUIA SUA. SEGUROLA. Maiuskulaz. Iñakirik gabe. Baizik-eta berea delakoz. Alegia deus ez! Behinola elkarren ondoan eseri ginen mundu honetan, Donostiako banku publiko batean. Viktoria Eugenia antzokiaren alboan. Azpeititik landa. Hiriburuan. Hura eszenografia! Panpoxoa gero! Bego. Behin mundu honetatik –bizitza honetatik?– joan ostean, areago hurbildu naiz zure liburuetara, Iñaki. Tentuz eta zuhur. Baizik eta euren hizkuntza zurezkoa delakoz. Zurezko, harrizko, burdinazko. Euskal estiloak ordea, bitxi-arina behar luke izan. Halaxe izan dadin komentario honetan.

2/ SED QUIA SUA. SEGUROLA. Saio hau ezin da komentatu, QUOUSQUE TANDEM…! OTEIZA saioa hizpide hartu barik. Behin eta hasteko: bi liburuen azalean dago analogia. Ez Jorgerik ez Iñakirik. Bietan bertsolariak daude. Liburu desberdinak dira ordea. Erdal profetak (Oteiza) Ensayo de interpretación estetica del alma vasca eskaini zigun. Euskal hizkuntzalariak Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa eman digu, adiskide.

3/ Honatx SEGUROLAri OTEIZAren aldean nik adituak: Oteizak hutsean gauzatu zuen bere ustea. Segurolak ere hustean gauzatu du berea. Alta bada, badago zerik, badago alderik. Oteizak uste potoloetan poto egin baitzuen, Segurolaren ustez. Bertsolaria endelegatu ez, eta euskal hizkuntzaren hutsetik hizkuntza osatu nahi izatea ere! Arranopola. Arraroa da euskalduna. Harraroa erdal profeta. Behialako bertsolaria BECtsolaria dateke gaur egun. Harraroa hau ere. Izan ere, harra izan emea izan, extintc-aroan geratu bide zen euren jakituria. Hor nonbait!

4/ Hizkuntzatik ari zaigu Segurola, liburu honetan. Mundutik baino gehiago, hizkuntzatik. Liburua anarko-abertzalea da, berak dioenez. Eta bada esatea. Gure Ipar-ekialdeko abertzaletasuna hobetsi du definizio horretan. Lurra funtsezko gaia izaki. Hala berean, hasmentatik gaztigatu gaitu: letra-kuntza nagusitu da gure munduon. Ez hitz-kuntza. Besterik erranik, jakintza gailendu zaio jakituriari.

5/ Iñakik hizkuntzarekin jolasten du. Olgetan-benetan aritzen da jolastean. Besterik da jokatzea. Olgetaren etimologiaren arrastoan, Holgazanear hitzean kausitu dut jatorria. Alabaina Vaguear sinonimoaren bigarren adieran erreparatu dut: alderrai ibili. Halaxe ari gara, gabiltza hobeto erran, euskaldunok gure hizkuntzan, noraezean. Tira, ez da euskaldunon ezaugarri soila. Halaxe ibili da ere Segurola. Aritu dela esatea hobe, nik huste. Oteizak paratu/eskaini zigun artefaktu adinakoa begitandu zait honako hau , Segurolarena. Nahasmendua itzela da euskal hizkuntzan, eta, beraz, halatsu saio honetan.

6/ Bidean bide, hainbat hizkuntzalarien arrastoan ari zaigu Segurola: Koldo Mitxelena garaikidearekin, baita euskal jakintsuen azturetan harramazka ere: hala nola Axular, Oihenart, Barandiaran, Azkue… Lekuko batzuk baino ez dituzu horiek, izenetan luzetsi ezinik orain eta hemen. Haatik, hori dialektika baino ez duzu. Izan ere, gu orain eta hemen ari gara. Saiogilea euskal hizkuntzatik ari zaigu eta gu haren bidean. Nahasmenduan, baiki, baina euskal usadioen aztarrenetan betiere.

7/ Errana dut, baina berriz ere erran behar: Extinct-aroan sartutako hizkuntza batez ari zaigu, ari gara. Saiogileak dioena berresten dut, besterik ez. Segurola euskal gogotik hizkuntzaren ideia desmaskaratzen ari zaigu. Ohar bat: gauza bat da hizkuntza eta bertze bat hizkuntzaren ideia. Guk eraikitako ideia, hots. Konparaziora: on iritzia eta gaitz iritzia (oniritzia/gaitziritzia). Horra bi hitz osatuen bilakabidea. Euskal izen zaharrean gorroto hitza beharrean gaitz-irizte erabiltzen zuten. Egilearen aitorpen bat:
                   Hizkuntza munduan dago eta ez dago.
                   Mundua hizkuntzan dago eta ez dago.

8/ Nahasmendua aitatu dut, aipatu dut. Hobetsi(a) bigarren hau (sic). Hizkuntzaren nahasmendua hiztunen harremanen andeatze edo nahaspilatzearen ondorioz dateke. Nahaspilatze hori hizkuntza munduan ezartzean gauzatzen bide da. Baina, hizkuntza munduan ez badago, ezta mundua hizkuntzan (euskal profeta honen hustean) bitasuna ezinezkoa da. Barandiaran ataundarra “desautorizatzen du” Segurolak. “Ez du izenak egiten izana”, diosku azpeitiarrak. Labur zurrean berriz ere, euskal hizkuntza ipuinek ERE osatu dute. Mitologiak badu bere zera. Euskal mitologiak zera badu, argizagirik baina gutxi edo eskas izan ere. Erdal gogotik kontatua izan baita sarritan.

Jarraitu artikulua irakurtzen Begizolia blogean.