Piaspe proiektu eolikoa

Norena da Statkraft? Eta norena Iberdrola?

Aitor Unanue 2022ko urr. 21a, 09:34
Statkraften egoitza nagusia, Oslon. (Bjoertvedt, CC BY-SA)

Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo lurretan parke eolikoa egiteko asmoa agertu duen Statkraft Norvegiako enpresa gai hartuta, Aitor Unanuek Uztarria.eus-era bidalitako iritzi artikulua da honako hau.

Statkraft, Norvegiako energia enpresa nagusia, %100ean bertako gobernuarena da. Suedian gauza bera gertatzen da, bertako energia enpresa nagusia %100ean da gobernuarena. Danimarkan, aldiz, %50,1 da gobernuarena, eta Austrian %51. Euskal Herrian, Espainian bezala, %0 da gobernuen parte hartzea bertako energia enpresa nagusietan. Oñatiko etxebizitza guztiak argindarrez hornitzeko gaitasuna duen Oñatiko Ur Jauziak enpresa norena da? Udalarena %81ean.

Zer lortzen du gobernu batek bere lurraldeko energia enpresen jabe izatearekin? Besteak beste, energia iturrien salmenta prezioak (gasaren edo argindarraren faktura) kontrolatzea, gizartearen beharretara egokitzea eta irabaziak bereganatzea. Energia guztion ondasuna baita.

Norena da Iberdrola? Norges Bank, Norvegiako banku zentrala, Iberdrolako hirugarren akziodun nagusia da. Zenbatekoak izan ziren Iberdrolaren diru irabazi garbiak 2021ean? 3.885 miloi eurokoak. Nora doaz haren inbertsio nagusiak? Ameriketako Estatu Batuetara.

Alemaniako eta Frantziako gobernuek energia iturrien prezioei eutsi ahal izateko berriki beren egin dituzte EDF eta Uniper energia enpresak.
 
Bere herritarrentzat nahi ez duen energia eredu hori zergatik ezarri nahi dio Norvegiako gobernuak Euskal herriari? Hori al da independentzia? Burujabetza energetikoa? Zer kode etiko dute Norvegiako enpresa horrek eta gobernuak Norvegian onartzen ez duen energia merkantilismoa gure herrian ezarri nahi izateko? Norvegiarren kolonia bat izan nahi al dugu?