Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko dute bihar, plazan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 20a, 16:27

Euskaraldian izena emateko aukera izango da bihar, 18:30etik 20:00etara, Azpeitiko plazan. Dagoeneko izena eman duten herritarrek txapak jasotzeko aukera ere izango dute han. 

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren aldia. Dagoeneko zabalik dago egitasmoan izena emateko epea. Entitateek urriaren 30era bitartean eman dezakete izena, eta norbanakoen izen ematea, bestalde, azaroaren 17an itxiko da; entitateek nahiz norbanakoek euskaraldia.eus webgunean eman behar dute izena. Internetez ez ezik, aurrez aurre ere izango da izena emateko aukera. Horretarako, izen emate mahaia jarriko dute bihar, 18:30etik 20:00etara, Azpeitiko plazan.  Dagoeneko izena eman duten herritarrek txapak jasotzeko aukera ere izango dute han.

Datozen asteetan, beste bi egunetan ere jarriko dituzte Euskaraldian izena emateko nahiz txapak jasotzeko postuak, plazan. Hain zuzen ere, urriaren 25ean, 10:30etik 12:00etara, eta azaroaren 11n, 18:30etik 20:00etara, izango da horretarako aukera.

Azpeitian, gainera, lehen aldiz, Hikaldia egingo dute aurten. Euskaraldian izena ematen dutenek izango dute ondoren Hikaldian izena emateko aukera, Hikaldia.eus webgunean sartuta. Hikaldia egiten duten herrietan bakoitzak bere erara moldatu ohi du egitasmoa, eta Azpeitian ere hala izango da; Azpeitian garatuko den Hikaldiaren egitasmoan parte hartu nahi dutenek, azpeitia@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena. Egitasmoaren bidez, hitanoaren erabilera areagotzea bai, baina batik bat nokarena bultzatzea nahi dute antolatzaileek.