Espainiako Uztai Txapelketan hirugarren sailkatuta, egindako denboraldiarekin "gustura" dago Iturralde

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 14a, 10:00

Urriaren 9an jokatu zen Espainiako Uztai Txapelketa Nagusia Zaragozan, eta Xabi Iturralde errekortari azpeitiarrak hirugarren sailkatzea lortu zuen. Zaragozako saioarekin amaitu da denboraldia, eta Iturralde "pozik" dago lortutako emaitzekin. Dena den, denboraldia "gorabeheratsua" izan dela aitortu du. Errekortari edo zezen zaleei "noizbait behintzat" Zaragozako finalera joateko deia egin die. 

Bukatu da Espainiako Uztaien Liga. Joan zen urriaren 9an jokatu zuten Espainiako Uztai Txapelketa Nagusia Zaragozan, eta Xabi Iturralde errekortari azpeitiarrak hirugarren sailkatzea lortu zuen haren bikote Ander Lizarralderekin batera. Denboraldia amaituta, "gustura" agertu da Iturralde, baina nabarmendu du ez dela erraza izan. 

Lesioak tarteko, denboraldia "oso gorabeheratsua" izan dela aitortu du azpeitiarrak: "Martxoan hasi ginen txapelketarekin, baina abuztua eta iraila izaten dira hilabeterik gogorrenak, hor bueltan jokatzen baita Zaragozako finala. Anderrek [Iturralderen uztaietako bikoteak] abuztuan operazioa izan zuen, eta, horrenbestez, bakarrik jarraitu nuen ligako kanporaketetan. Beste bikote batzuekin aritu nintzen, baina ohiko bikotearekin ez jarduteak bazuen eragina. Gainera, azkenean, nik izan dut lesioa". Hain zuzen, Zaragozako finalean belauneko lesioa egin zuen Iturraldek. "Errekortari asko ere lesionatu dira aurten, eta horrek eragin du denboraldia gorabeheratsua izatea".  

Zaragozakoa, "ikusgarria"

Iturralde "aho zabalik" gelditu zen Zaragozako txapelketan bizitakoarekin. Lesioak lesio, hirugarren amaitu zuten, baina azpeitiarrak han bizitako eta sentitutako "berotasuna" nabarmendu ditu: "Finala 11:30ean hasi zen, eta hasi baino ordu erdi lehenago zezen plaza jendez gainezka zegoen. Lizarralderi eta bioi 252 zenbakidun Leganesa behiarekin aritzea egokitu zitzaigun, eta denok genekien behirik zailena zela hura. Hiru uztai sartzea lortu genuenean lesionatu nintzen. Anderrek jarraitzea erabaki zuen, eta beste uztai bat sartu zuenez, bigarren itzulian lehiatzea lortu zuen. Ni ordurako erizaintzan nengoen". Finalaren "indarra" ere nabarmendu du azpeitiarrak: "Harrituta gelditu nintzen txapelketan zegoen energiarekin, intentsitatearekin, berotasunarekin... 7.000 pertsonatik gora zeuden zezen plazan, eta zoragarria izan zen. Hori dela eta, zezen zale edo errekorteen zale orori gomendatzen diot noizbait Zaragozako Espainiako Txapelketara joateko". 

Xabier Iturraldek eta Ander Lizarraldek bosgarren amaitu dute Espainiako Uztaien Ligako 2022ko denboraldia.