Piaspe proiektu eolikoa

Eolikoak "ez Sañun, ez inon" ez dituztela nahi aldarrikatu dute dozenaka herritarrek

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 11a, 19:23

Piaspe proiektuaren gaineko azalpenak emateko udalak deitutako batzarraren atarian elkarretaratzea egin dute 150 bat lagunek, Sañu Bizirik taldeak deituta. Mendiak ez industrializatu zioen pankartaren atzean elkartu dira plazan, eta Erdikalean behera manifestazioan joan dira ondoren Soreasu antzokiaren atariraino, han batzarra hastear zela.

Sañoa mendian, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan Statkraft Norvegiako enpresak eraiki nahi duen parke eolikoaren kontrako elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Sañu Bizirik taldeak deituta, Piaspe izeneko proiektu horren gaineko azalpenak emateko Azpeitiko Udalak deitu duen batzarraren aurretik.

18:30ean hasi da elkarretaratzea, eta 150 bat lagun batu dira plazan, Mendiak ez industrializatu zioen pankartaren atzean. Pankartako leloa ez ezik, beste hainbat oihukatu dituzte ozen zentral eolikoen kontra elkartutakoek: "Ez, ez, ez, eolikorik ez", "Statkraft kanpora", "Sañu bizirik", "ez Sañun, ez inon", eta "gure mendiak zaindu ditzagun", besteak beste.

Minutu batzuk plazan egon ondoren, manifestazioan abiatu dira plazan elkartutakoak; Erdikalean behera hartuta, aipatutako leloak kantatuz, Soreasu antzokiaren atariraino iritsi dira. Han, hastear zen batzarrera sartzeko zain zegoen ordurako jendea. Ikusmina sortu dute batzarrak eta aurreko mobilizazioak; hedabide ugari izan dira gaur Azpeitian, biak jarraitzeko.

Soreasuko batzarraren kronika eta bideoa irakurgai eta ikusgai izango dira bihar Uztarria.eus-en.