Euskaraldian izena emateko mahaiak jarriko dituzte plazan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 8a, 12:00

Internet bidez dagoeneko eman daiteke izena Euskaraldian, baina aurrez aurre izena emateko aukera ere izango da. Urriaren 18an, 21ean eta 25ean nahiz azaraoren 11n jarriko dute horretarako postua, plazan.

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren aldia. Dagoeneko zabalik dago egitasmoan izena emateko epea. Entitateek urriaren 30era bitartean eman dezakete izena, eta norbanakoen izen ematea, bestalde, azaroaren 17an itxiko da; entitateek nahiz norbanakoek euskaraldia.eus webgunean eman behar dute izena. Internetez ez ezik, aurrez aurre ere izango da izena emateko aukera. Horretarako, Azpeitiko plazan jarriko dituzte izen emate mahaiak, honako egun eta ordu hauetan: urriaren 18an, 10:30etik 12:00etara; urriaren 21ean, 18:30etik 20:00etara; urriaren 25ean, 10:30etik 12:00etara, eta azaroaren 11n, 18:30etik 20:00etara.

Azpeitian, gainera, lehen aldiz, Hikaldia egingo dute aurten. Euskaraldian izena ematen dutenek izango dute ondoren Hikaldian izena emateko aukera, Hikaldia.eus webgunean sartuta. Hikaldia egiten duten herrietan bakoitzak bere erara moldatu ohi du egitasmoa, eta Azpeitian ere hala izango da; Azpeitian garatuko den Hikaldiaren egitasmoan parte hartu nahi dutenek, azpeitia@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena. Egitasmoaren bidez, hitanoaren erabilera areagotzea bai, baina batik bat nokarena bultzatzea nahi dute antolatzaileek.