Iñaki Segurolaren heriotza

Kalean da 'Ganorexia', Iñaki Segurolaren hil osteko liburua

Anartz Izagirre 2022ko ira. 30a, 16:43
Beñat Muguruza, Garbiñe Larrea eta Jorge Gimenez, Donostiako Udal Liburutegian. (Alberdania)

Gaur, ostirala, aurkeztu dute Segurolaren azken saiakera Donostiako Udal Liburutegian, eta liburuaren xehetasunak ematen izan da, besteak beste, Garbiñe Larrea Segurolaren alarguna eta liburuaren editoreetako bat izan dena. Larreak azaldu du ez dela "batere lan samurra" izan Segurolaren literatur ibilbideari "itxiera ematea".

Joan zen apirilaren 15ean hil zen Iñaki Segurola Ogrue (Azpeitia, 1962) idazlea, filologoa eta hiztegigilea. Hil aurretik, baina, liburu bat utzi zuen idatzita, eta orain, edizio prozesua amaituta, Alberdaniarekin argitaratu dute lana: Ganorexia (Alberdania, 2022). Gaur, ostirala, egin dute liburuaren aurkezpena Donostiako Udal Liburutegian, eta bertan eman dituzte Ganorexia liburuaren inguruko hainbat xehetasun. Bertan izan dira Jorge Gimenez editorea, Garbiñe Larrea Segurolaren alarguna eta liburuaren editore ere izan dena eta Beñat Muguruza, Ganorexia irakurri duen lehen irakurlea.

Gimenezek adierazi duenez, "sorkuntzaren eta komunikazioaren ospakizuna" izan da gaurkoa, eta liburuaren gaineko hainbat berezitasun nabarmendu ditu hitzartzean. Batetik, "egilerik gabe aurkeztutako liburu bakarrenetarikoa" dela azaldu du editoreak: "Ez da euskal letren errepublikan maiz gertatu den zerbait". Bestetik, Ganorexiak hiru editore izan dituela azpimarratu du: Garbiñe Larrea, Aritz Galarraga eta bera. Larreak epilogoa ere idatzi du, eta haren lana goraipatu du Gimenezek: "Iñakiren jarraibideak interpretatzea eta zaintzea egokitu zaio; lan hori ederki egin du, eta estimatzen diogu".

Galarragak ezin izan du liburuaren aurkezpenean egon, baina hark esandakoak presente izan dira saioan, eta hark honakoa dio, besteak beste, obraren inguruan: "Esaten direnekin ados egon zein ez –eta batzuetan zaila da harekin ados egotea, beste batzuetan ezinezkoa gertatzen den bezala bat ez etortzea–, beti jartzen zaituzte martxan, mugitzen dute zerbait zure barruan".

Gimenezek, bere aldetik, Segurolaren seigarren liburu honek "katalogoa itxi baino gehiago, ireki" egiten duela aipatu du: "Garbi daukat Iñakik liburu honetan arimaren leiho guztiak uzten dituela zabalik; galdera eta zalantza guztiak airean uzten dituela".

Egoera, "berezia eta ezohikoa"

Larrea izan da Ganorexia lanaren nondik norakoak gertutik jarraitu dituena, eta aurkezpenean adierazi du egoera "berezia eta ezohikoa" izan dela gaurkoa: "Berari zegokion aulki honetan egotea, baina ez da posible izan". Larreak jakinarazi du joan zen udazkenean hasi zela Segurola Ganorexia idazten, eta otsailean hasi zitzaiola zati batzuk posta elektronikoz bidaltzen: "Apirilaren 12an egin zidan azken bidalketa, eta mezu horretan agintzen zidan artxiboak lau lekutan gordetzeko, badaezpada ere. Agindua oso garbia zen: artxiboak gorde, baina ez ireki eta irakurri. Beraz, nik ez nuen arrastorik bera zer idazten ari zen".

Ildo horretatik, Segurolak beti ohar bera nabarmentzen zuela aitortu du Larreak: "Esaten zidan estralurtarrak etortzen baziren joateko Irunera gizon honengana —Jorge Gimenez—, eta eramateko dokumentuak esanez: 'Hau da gure gizonak eskribitua'. Estralurtarrak ez dira etorri, baina bera joan zaigu, eta ni Irunera joan nintzen dokumentu horiekin". 

Larreak azaldu du ez dela "batere lan samurra" izan Segurolaren literatur ibilbideari "itxiera ematea", eta egindako lana "kolektiboa" izan dela aipatu du: "Garbi daukat lan hau kolektiboa izan dela, lantaldekoa, nik horrela bizi izan dut. Egoera normala izan balitz, berak azaldu beharko zukeen zer den Ganorexia, zer den ganoraren anorexia. Berak gogoak emandako hitzak asmatzeko zuen abilidade horrekin azaldu beharko zuen".

Bestalde, Larreak nabarmendu du hiru urtez jarraian Donostiako Udal Liburutegiko areto berean izan direla Segurolaren liburu bat aurkezten; 2020ko abenduan Sed Quia Sua (Erein, 2020) aurkeztu zuen, iaz Koiteretzia (Alberdania, 2021), eta gaur, Ganorexia (Alberdania, 2022). Azken saiakera honetan uztartzen dituen gaiez ere aritu da Larrea: "Herria eta hizkuntzari buruz aritzen da, horren galerak sortzen dion minaz; hausnarketak egiten ditu idaztearen ofizioari buruz ere. Heriotza bereziki ez du aipatzen liburu honetan". Lanean hainbaten itzala igartzen duela ere aitortu du: "Txirritaren itzala nabaritzen diot, Txirrita beti dago presente bere lanetan, Paul Austerrena ere bai, eta nola ez, Oteizarena".

Beste begirada bat

Larreak aipatu duenez, Segurolari ez zitzaion gustatzen editorea eta idazlea "elkarri arrazoi ematen ibiltzea", eta aurkezpenetara irakurle bat eramaten saiatzen zela dio. Lan hori gauzatu du, hain zuzen ere, Beñat Muguruzak, eta aurkezpenean izan da hainbat lerroburu ematen. "Esan behar nuen pribilejiatu bat naizela liburu hau lehena irakurri izateagatik, baina 'pribilejiatua sentitzen naiz' esaldiaren kontra egin zuen Iñakik duela ez hainbeste".

Ganorexian "Iñakiren betiko gaiak" daudela nabarmendu du hark, eta horietako bat dela "pertenentzia sentimenduarena", beste hainbaten artean: "Nik uste dut hori izan daitekeela Ganorexiako gai potoloenetako bat, agian niri asko interesatzen zaidalako gai hori edo asko gustatzen zitzaidalako berak nola bizi zuen". Bestalde, liburuan "harrotasun zertzelada batzuk" ikusten direla ere aipatu du Muguruzak. Halaber, Koiteretzia liburuan nola, Ganorexian ere COVID-19ak eragindako pandemia presente dagoela azaldu du irakurleak.

"Lagunak egiteko ez du idazten", hori ere aipatu du Muguruzak obraren inguruan, eta hitzaurrean Segurolak berak "idazle komunitaten aurka" egiten duela ere badio. Hitzaurreko pasarte bat irakurri du amaiera aldera, eta honela dio: "Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik. Sinetsarazi diete ez dutela herrenik egin behar inongo aldetara eta ibilera zuzen baten jabe izan behar dutela, eta horrela, munduaz ari –idatzi– behar dutela munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala. Beti udazkeneko egun epel laino-geldi batean bageunde bezala".